Osasun larrialdiaren eraginez hainbat komertzio txikik itxi egin behar izan dute. Ez duzu joeraren kontra zoazen irudipena?
Baliteke. Ama izan zen lehenengoa esaten zoratuta nengoela. Pandemia batean gaude, bai, baina ilusio handiagaz zabaldu dut denda. Orain, lokala prezio askoz ere baxuagoan alokatzeko aukera izan dut gainera.
Administrari lana utzi duzu denda zabaltzeko. Ez zen erabaki erraza izango.
Turismo ikasketak ditut eginda eta 10 urtean bidaia agentzietan lanean ibili nintzen. Beti publikoari begira, jendeagaz hartu-emanean. Baina lan egiten nuen azken bidaia agentziak porrot egin zuenean administraritza ikastaro batzuk egin nituen. Arlo horretan lan egin dut azken urte bietan, Zornotzan. Hala ere, oso gogorra egiten zait lau-horma artean inogaz berbarik egin barik lan egitea. Udatik gaiari bueltaka ibili ondoren, denda zabaltzera animatu naiz. Alabak apur bat hazita ere badaude eta momentua dela ikusi dut. Orain egin ezean, ez nuen inoiz egingo. Gauza horregaz geratuko nintzateke bizi osoan.
Familiatik datorkizu dendari lanbidea.
Txikitatik edan dut merkataritza mundu horretatik. Aitak kirol-denda izan du Bilbon. Oso komertziala izan da beti, jendeagaz hartu-emana izatekoa. Eta niri ere asko gustatzen zait hori guzti hori. Nire lehenengo lana aitaren dendan izan nuen.
Nerabeentzako arropa saltzen duzu. Hutsune bat zegoela uste duzu?
Durangon badaude bizpahiru denda nerabeentzako arropa saltzen dutenak. Hala ere, nerabeek arropa erostera Bilbora joateko joera handia dute, eurek gura dutena ez dutelako herrian aurkitu. Nerabeek gustuko izan dezaketen arropa-denda bat eskaintzea izan da nire helburua. Aldi berean, zerbait ematen didan lan batean jardutea, ahalik eta denborarik luzeenean.
Pozik zaude izan duzun erantzunagaz?
Oso pozik! Dendak oso harrera ona izan du, uste nuen baino hobea. Nerabeek eurek ezagutzen dituzten arropa markak ekarri ditut, eta gustuko dute dudan arropa. Nerabeek eurek eskatutakoaren arabera jardun gura dut. Izan ere, eurek lagundu diezadakete gehien zer gura duten ezagutzen.
Zelako bezeroak dira nerabeak?
Maitagarriak. Neskatoak ilusio handiz datoz, dena dute gustuko. Hau edo bestea gordetzea eskatzen didate, eta amagaz bueltatzen dira gero.
Irudia horren garrantzitsua den sasoi honetan, modaren morroi dira?
Adin horretan beti gaude modaren menpe, neurri batean. Oraindino ez ditugu gustuak oso finkatuta, eta besteek daramatenari begiratzen diogu. Modari jarraitzeko joera dago.
Zer dago orain modan?
Batez ere, kirol-jertse handiak. Neskek mutilentzat diren kirol-jertserik gehienak hartzen dituzte. Niki estu eta laburrak, eta kanpai formako prakak hartzen dituzte. Praka motzak ere bai. Soineko edo gonak baino, praka eta praka motzak gurago dituzte, erosoago daudelako.
Eta mutilek?
Ez dira sartzera ausartzen! Txandal-prakak, kirol-jertseak, biserak eta abar ditut, baina, ez dakit zergaitik, oso gutxi sartzen dira. Bikotekideek, amek... eramaten dizkiete.
Zelan bizi duzu interneten eragina?
Dendarik denda ibiltzekoa naiz, asko gustatzen zait. Dendan sartu, ikusi eta probatzekoa naiz. Ez zait gustatzen Interneten bitartez erostea. Neskatoei ere uste dut gustatzen zaiela euren gustuko arropa ikusi edo probatzeko aukera izatea. Komertzioek eta ostalaritzak bizi handia ematen diete herriei. Tristura ematen du herrietan lokal guztiak itxita ikusteak.