2020ko ekainean Jesusen Lagundiak Durangon zuen elkartea itxi zuen eta horrekin batera bertan behera geratu zen Jesuiten Etxea proiektua, 13 urtez egoera zaurgarrian zeuden etorkinei gizarteratzen laguntzen zien egitasmoa. Orduan, Jesuitek adierazi zuten ez zutela alde batera utziko Durangon zuten obra, eta horrela gertatu da. Proiektu berri bat martxan dago eta horren gaineko azalpenak eman dituzte gaur San Jose Jesuitak ikastetxean eskainitako prentsaurrekoan.
Gaur eguneko proiektua Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortu zen, 2020ko ekainean, osasun-krisiaren testuinguruan egoera ahulean zeuden etorkinei laguntzeko. Proiektuak bi ardatz ditu. Lehenengoan berehalako laguntza eskaintzen zaie etorkinei, oinarrizko beharrizanekin laguntzeko. Bigarren fasea epe ertain-luzera begirakoa da. Gazteei gizarteratzen laguntzen diete, formakuntza eskainiz, komunitatearekin hartuemanetan jarriz, eta oro har, lehenengo arretatik haratago, inklusioa landuz. Bigarren fase honetan dihardu Durangoko Jesuiten Etxeak bere etapa berrian.
Sare zabala
Gazteak Kurutziaga kaleko eraikinean hartzen dituzte, aurretik egiten zuten moduan eta helburuak ere aurreko proiektuaren bidetik doaz. Batez ere aldatu dena egitura da eta baita lan egiteko modua ere, gaur eguneko gizartera eta beharrizanetara eguneratuago eta egokituago daudelako. Jesusen Lagundia plataformaren barruan dagoen Ellacuria Fundaziotik kudeatzen dute Jesuiten Etxea eta sare zabal bat sortu duten euren inguruan, Lagundiaren barruko eragileekin (San Jose Jesuitak Ikastetxea, ikastetxeko Hiritartasun Taldea eta CVX Arrupe elkartea…) zein erakunde publikoekin (Durangoko Udala, Durangaldeko Mankomunitatea…).
Denen artean etorkin gazteei aurrera egiteko baliabideak eskaini gura dizkiete. "Batzutan entzuten dugu immigrazioa arazo bat dela, baina guretzako erronka bat eta kultur aniztasun hori aberastasun moduan ikusten dugu, Durango eta Durangaldea bera aberasteko balio duena", adierazi du Eva Rodriguez Salcedo San Jose Jesuitak ikastetxeko zuzendariak. Eta erronka horiei ikuspegi komunitario batetik aurre egingo diete.
San Jose Jesuitak ikastetxea, proiektuan sartuago
San Jose Jesuitak ikastetxeak "aurrerapausu" bat eman du aurreko proiektuan zuen parte hartzearekin alderatuta. Proiektuan lagundu ez ezik, "eragin" egin gura dute Rodriguezen esanetan.
Hiritartasun taldea arduratzen da horretaz, hezitzailez, irakaslez eta gurasoz osatutako bolondres taldea. Arratsaldetan gaztelera, ingeles eta matematika klaseak ematen dizkiete etorkin gazteei. Baten bat euskara ikastera ere animatu da.
Horrez gainera, ikasleak gazteekin hartuemanetan jartzeko hainbat ekintza dituzte, esaterako, asteburuetan egiten diren mendi irteerak. "Liburuen eta bideoen bidez asko irakatsi daiteke, baina badaude gauzak batzuk bizi egin behar direnak eta uste dugu oso garrantzitsuak direla horrelako ekimenak", nabarmendu du Alaia Berganza Gangoitia Hiritartasun Taldeko kideak.
Gaur egun, 16 gazte
Proiektu berri martxan dagoenetik 25 gazte igaro dira Jesuiten Etxetik. Gaur egun 16 gazte daude, 18-24 urte artekoak. Gehienak euren egora erregularizatzeko prozesuan daude. Maroko, Argelia, eta oro har, Magreb zonaldekoak dira. Aurretik, beste jatorri batzuetako gazteak ere izan dituzte.
Gazte guztiek plan indibidual bat dute, bakoitzaren beharrizanetara egokitua. Plan horren barruan formakuntza bat jasotzen dute (arozgintza, iturgintza, sukaldea, soldadura…) biharko egunean bizitza autonomorako giltza izango zaien lanbide bat ikasteko.