“Urte dezente dira Euskal Herrian jesuita izan gura duen gazte berririk ez dugula”

Joseba Derteano 2019ko urr. 22a, 09:12

Jesusen Lagundia ordena erlijiosoak bere egiturak berrantolatu ditu eta, horren ondorioz, Durangoko elkartea itxiko dute. Beraz, Kurutziaga kaleko eraikinean bizi diren 7 jesuitak beste nonbait birkokatuko dituzte. Koldo Cacho Ultra (Tutera, 1957) jesuita da euretariko bat. 12 urte eman ditu Durangon.

Zeintzuk dira egitura berrantolatzearen arrazoi nagusiak?
Errelebo falta da arrazoi nagusia. Ni sartu nintzenean, 1976an, Loiolakoa zen ordena banatuta zegoen sei probintzietako bat, eta 1.000 bat jesuitek osatzen zuten: 500 hemen zeuden, eta beste 500 kanpotik, misiolari eta abar. Urteak aurrera joan ahala, kopurua izugarri murriztu da. Ondorioz, probintzia bakarrean batu gara. Beraz, orokorrean, ez dago erreleborik, eta are gutxiago errelebo euskaldunik. Urte dezente dira Euskal Herrian jesuita izan gura duen gazte bakar bat ere ez dugula. Beraz, alde batetik, kopuruan murrizte handia eta azkarra gertatu da. Bestetik, Durangon dauden Jesuitek, ni ez beste seiek, 70 edo 80 urtetik gora dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, Durangoko elkartea zabalik mantentzea ez zen jasangarria.

Zertan geratuko da etorkinentzat duzuen Jesuiten Etxea proiektua?
Orain 12 urte ipini genuen martxan. Laguntza behar duten edo paperik ez duten etorkinak gure etxean hartzen ditugu, urtebetean. 50-60 bat etorkin hartuko genituen egitasmoa martxan ipini zenetik. Hemendik beste pisu batera joaten dira; trantsizioko pisu bat da eta Durangon bertan dago. Oso proiektu garrantzitsua da guretzat eta aurrera jarraituko du. Hori azpimarratu gura dut. Aurrera jarraitzeko modurik egokiena pentsatzen ari gara. Boluntarioak beharko ditugu, nahitaez. Boluntario talde bat batu gura dugu, hemen, Kurutziagako eraikinean biziko dena, elkarregaz, etorkinekin batera, eta etorkinei gaztelania eskolak emango dizkiena. Hori kudeatzen gabiltza orain. Horixe da hurrengo ikasturteari begira lotu guran gabiltzana. Dagoeneko lotuta daukaguna honako hau da: Bilbon dugun Ellacuria Fundazioak proiektu honen ardura hartuko du. Azken urteetan, aholkularitza zerbitzua eskaini diete hemengo etorkinei, baina, aurrerantzean, egitasmoaren lidergoa eurek eramango dute. Beti ere, hemen boluntario talde bat dagoela.

Hamabi urtean bizi izan zara Durangon, eta aurtengo ikasturte amaieran joango zara hemendik. Durangoren falta igarriko duzu?
Bai, jakina. Durangorena eta durangarrena. 12 urtean oso girotuta ikusten nuen neure burua herrian. Durangoko giro euskalduna, baserri girokoa ere badena… Maite ditut horrelako herriak. Jende asko ezagutu dut, eta ez Durangon bakarrik. Baita Abadiñon, Garain, Mañarian… ere. Eta beti pozik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!