"Etorkizunean ere Durangoko eta Euskal Herriko kulturgintzaren erreferente bilakatu nahi dugu Plateruena. Horregatik, herriko sektore ezberdinekin lanean ari gara etapa berrira begira ahalik eta proiektu sendoena landu asmoz. Zentzu horretan, durangar ororen laguntza ongi etorria izango da", adierazi dute udal ordezkariek ohar baten bidez.
Durangoko Udalak Plateruenaren "esparruak" eta ekimen nagusiak zehazteko prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan otsailean. Denbora honetan, bost tailer antolatu ditu udalak teknikariekin, kultur eragileekin, herri mugimenduarekin, sortzaileekin, ikastetxeekin eta alderdi politikoekin, besteak beste. Bilera horietan, eragileek Plateruena "berrabiarazteko dituzten nahiak eta espektatibak ezagutzen eta bertan antolatu daitezkeen jarduerak" identifikatzen saiatu da udala. "Proiektu berriaren bideragarritasuna eta udaleko beste baliabideekiko osagarritasuna bermatuko duen kudeaketa eredua zehazteko pausoak emango ditu Durangoko Udalak", adierazi dute. Prozesu partehartzailea durangarrei zabaltzeko prestatu du galdetegia udalak.