Durangoko Udalak Plateruena ostera martxan jartzeko prozesu parte hartzailea abiatuko du

Aritz Maldonado 2021ko ots. 24a, 13:37
Prozesua bideratuko duten "talde motoreko" kideak

Eraikina “kudeatzeko plan berria” ekainerako prest edukitzea gustatuko litzaieke udal ordezkariei. Prozesua bideratzeko “talde motorea” aurkeztu dute; kultura teknikariek, udal teknikariek eta zinegotziek osatzen dute taldea.

Prozesua martxo amaieratik ekainera bitartean luzatzea aurreikusten du Durangoko Udalak; aurreikuspen horien arabera, apirilean bost tailer egitea da asmoa. Maiatzean, mintegi bat egingo litzateke, eta azkenik, eredu berria jasoko lukeen txostena idatziko litzateke. Prozesua dinamizatzeaz “talde motorea” lez izendatu dutena arduratuko litzateke, eta bertan kultura teknikariak, udal teknikariak eta zinegotziak batuko lirateke, Txerra Rodriguez Emuneko eholkulariaren arabera. “Lehen zatian proposamenak jasoko lirateke, bigarrenean jasotako ideia horiek antolatu, eta azkenik txostena itxiko litzateke”, azaldu dute prentsaurrekoan.

Udalarentzat lehentasunezkoa da Plateruena bezalako gune bat ostera martxan jartzea, eta partaidetza prozesu honen bidez, herriko sektore desberdinen iritziak jaso gura dituzte. “Durangok badu kultur ehuna, eta prozesu honen bidez, Plateruenaren funtzioak zeintzuk izan behar duten identifikatzea gustatuko litzaiguke, besteak beste”, azaldu du Mariam Bilbatua zinegotziak. “Behin ustiapen kontratua amaituta, prozesu hau martxan jarri gura dugu kultur ekimen honek esparruak zehaztu eta antzokiak eskainiko dituen ekimen nagusiak aurreikusteko. Gune oso garrantzitsua da, ez Durangorentzat bakarrik, baita Euskal Herri mailan ere, eta ahalik eta bizkorren zabaltzea gustatuko litzaiguke”, azaldu du Julian Rios alkateordeak.

"Proiektu berria"

Bilbatuaren berbetan, proiektu berria irudikatzen du udalak Plateruenarentzako. "Proiektu berria irudikatzen dugu, baina honek ez du esan nahi zerotik hasten garenik. Aurretik egondako esperientziatik ikasiko dugu, eta Plateruenarekin harremana izandako elkarten ekarpenak ere jasoko ditugu".

Udal ordezkariek prozesuan herri mugimenduko elkarteen, ikastetxeen eta euskaltegien, aisialdi taldeen edota bestelako kultur elkarteen parte hartzea aurreikusten dute. 'Plateruena eta gero zer?' dinamikari buruz galdetuta, harremanetan daudela nabarmendu du Bilbatuak. "Bi prozesu izanik, hainbat momentutan elkartrukerako aukera egongo dela, eta horiek aprobetxatuko ditugula irudikatzen dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!