Trenbidearen lurrei "alternatiba bat" bilatzeko lan taldea sortzea proposatu dio Durangoko Udalak Jaurlaritzari

Anboto 2021ko api. 12a, 14:09

Durangoko udal ordezkariak Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuagaz batu dira goiz honetan, Gasteizen. 

Lau aste pasatu dira Durangon trenbide zaharrari buruzko herri galdeketa egin zenetik, eta gauzak berriro ere mugitzen hasiak direla dirudi. Durangoko Udaleko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izan dira goiz honetan. Ima Garrastatxu alkatea eta Aritz Bravo zinegotzia Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuagaz eta Ernesto Martínez de Cabredo Euskal Trenbide Sareko buruagaz batu dira herri galdeketatik eratorritakoari buruz berba egiteko. Udal ordezkariek honako proposamen hau egin diete Jaurlaritzako arduradunei: hemendik aurrera alde biko lan talde bat eratzea trenbide zaharraren orubean "proiektu berria diseinatzeko", eta horretarako beharrezkoa litzatekeen "parte hartze prozesuari begirako oinarri batzuk" zehazteko. Horrekin, durangarren "herri-mandatua" helarazi gura izan dute udal ordezkariek. Udalak gogora ekarri du galdeketan 18 pisuko bost dorreen eraikuntza geldiaraztearen eta hirigintza proiektu berri bat definitzeko parte hartze prozesu bat zabaltzearen alde agertu ziren botoa eman zutenen herritarren %94,4. 

"Eusko Jaurlaritzari adierazi nahi izan diogu elkarrekin nola lan egingo dugun hitz egin behar dugula, durangarrek Galdeketa herritarraren bidez helarazi diguten borondatea errespetatzeko. Etorkizunean pentsatuz lan egin behar dugu, gure lana baita durangarrentzat onena bilatzea. Eusko Jaurlaritza gonbidatzen dugu ilusioz beteriko prozesu honekin bat egin dezan. Horregatik, gure planteamendua onartzen badute, bihar bertan lantalde bat martxan jarri eta prozesuan aurrera egiteko ordezkaritza bat bidaltzeko konpromisoa hartzen dugu", azaldu dute Udaleko ordezkariek bileraren amaieran.

HAPOa, martxan

Bestalde, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzen ari dela adierazi du udalak. Bertan, herriaren etorkizuneko hirigintza-proiektuak diseinatuko ditu. Parte hartze prozesu bat egingo dute durangarrek horien gaineko iritziak eman ditzaten, eta bertan islatu gura ditu trenbide zaharraren orubean egin beharrekoak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote, "lursailen jabea den aldetik, parte hartze prozesu horren parte aktiboa" izateko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!