Jaurlaritza elkarlanerako prest, trenbidea lurperatzerakoan hartutako "konpromisoak" betetzen badira

Anboto 2021ko api. 12a, 14:00

Iñaki Arriola sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ezin diela uko egin trenbidea lurperatzerakoan "libratutako espazioen gainbalioei". 

Eusko Jaurlaritza prest dago Durangoko Udalagaz elkarlanean aritzeko, trenbidea lurperatzeko proiektuan adostu zirenak betetzen baldin badira. Hau da: elkarlanerako prest dago, trenbidea lurperatzeko garaian hartu ziren konpromiso finantzieroak betetzen badira. Jaurlaritzak dioenez, udalak trenbidea lurperatzeko akordioa sinatu zuen. Eta akordio hartan, "lurperatze proiektuaren zati bat finantzatzea" onetsi zuen udalak,  libratutako lursailetan "hirigintza-aprobetxamenduak" eginda. Akordio hori 2006an onartutako Barne Eraberritzerako Plan Berezian jasota dagoela dio Jaurlaritzak. Bertan merkataritza erabilerarako 554 etxebizitza egitea aurreikusita dagoela gaineratu du.  

Arriola sailburuak adierazi du Durango Operazioa deituriko lurperatze hura “munta handiko” operazioa izan zela. Euskal Trenbide Sareak "274,5 milioi" inbertitu zituen, "hasierako aurrekontuetan aurreikusi gabeko 250 milioi euroko urbanizazio-jarduketekin eta hobekuntza gehigarriekin". Durangoko trenbidea lurperatzeaz gainera, beste honako jarduera hauek ere egin ziren operazio hartan: Zornotza eta Lebario (Abadiño) bitartean trenbide lerroa bikoiztea, Durango eta Traña-Matiena arteko trenbidea lurperatzea, geltokiak berritzea Durangon, Euban eta Traña-Matienan, eta, Lebarion kotxerak ipintzea. Inbertsio hura aintzat hartuta, Arriolak esan du ezin diola uko egin trenbidea lurperatzerakoan "libratutako espazioen gainbalioei". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!