[BIDEOA] Hitzordu guztiak agortuta, txertaketa normaltasunez garatzen ari da Durangoko Landako Gunean

Anboto 2021ko api. 4a, 15:13

Aurrerantzean, txerto berriak heltzen diren heinean, Landako Gunean jartzen jarraituko dute. "Leku finko moduan erabiliko dugu", azaldu du Iñaki Intxaustik, txertaketa guneko koordinatzaileak eta Abadiño, Elorrio eta Berrizko Lehen Arretako unitateko buruak.

Bederatzi herritako 62-65 urte arteko herritarrak daude deituta Durangoko Landako Gunean egiten ari diren txertaketa masibora. Atzo hasi ziren eta bihar amaituko dute. Egunero 650 txerto inguru jartzen dituzte: 2.000 inguru, hiru egunak kontuan hartuta.

Hitzorduak aurretik kudeatuta daudenez, txertaketa normaltasunez garatzen ari da eta ez da ilara luzerik sortzen. Erizain bi eta erizain-laguntzaile bi ari dira txertoak jartzen. AstraZeneka txertoa da eta dosi bi jarri behar dira. Lehenengo txertoa jarri dutenei, Landako Gunean bertan ematen diete bigarrenerako hitzordua, gaurtik hiru hilabetera, gutxigorabehera. Txertoa jarri ostean, ordulaurden batean gunean bertan egon behar da –esertzeko aulkiak daude– txertoak albo-efekturik eragin duen ikusteko. Oraingoz, txertoak inori ez diola kalterik egin azaldu dute txertaketa guneko arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!