[BIDEOA] Sirena hotsen atzean dagoena

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 31a, 12:12

Sirena hotsek Durangoko kaleak hartu dituzte bonbardaketaren 84. urteurrena gogorarazteko. Lakuntza Soinu Tresnak enpresako kideek soinu-instalazio berezia egiten dute hori dela eta: Andre Mariaren elizako dorrera lau bozgorailu, tripodeak eta kableak igotzen dituzte. Guztia eskuz. Eta guztia dorrearen eskaileretan gora.

Durangoko Udalak 2016an ekin bonbardaketa oroitzeko sirena hotsa herrian zabaltzeari. Eta urtero legez, Lakuntza Soinu Tresnak enpresako kideak arduratu dira horretarako beharrezko instalazioa egiteaz. Josemi Lakuntzak (Zornotza, 1971) eta Eneko Longartek (Durango, 1988) makina bat buelta egin dituzte Andre Mariaren elizako dorrean gora eta behera. Dena txukun prestatu dute beste behin ere sirena hotsa durangarren memoriara ailegatu dadin. Beharbada honako hau da bonbardaketa oroitzeko ekitaldien aurpegirik ezezagunena.

Lakuntza Soinu Tresnak etxeko kideek urtero egin izan dute honako soinu-instalazio hau, iaz salbu. Koronabirusak eragotzi zuen iazko sirena hotsa. Gaur arratsaldean berriro entzun ahal izango da soinua.

Goizean, Durangoko Andre Mariaren elizako kanpaiak joarazteaz gainera, Iurretako elizakoak ere joarazi dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!