84 urteren ostean, Durangora itzuli da José María Anzola 'Antzola' argazkilariaren kamera

Aritz Maldonado 2021ko mar. 26a, 12:08

Bere argazkiekin, eta bilduma pertsonaleko objektuekin (partxeak, argazki kamera, Caracasen errebelaturiko lau argazki...) osaturiko erakusketa jarri dute Durangoko Arte eta Historia museoan. Iban Gorriti eta Mauro Saravia dira erakusketaren komisarioak. 

Mauro Saraviaren berbetan "prozesu" bat itxi da erakusketa honekin, izan ere, 84 urteren ostean, atzera Durangon dago Jose Maria Anzolaren argazki kamera; kamera horrekin atera zituen 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren osteko argazkiak. "Robert Capa argazkilariarekin alderatu izan dute, gatazka guneetako argazkiak ateratzeagatik", azaldu du aurkezpenean. 'Antzola' beraren irudian eta fronteko bizipenetan sakontzen du erakusketak, baita ere. Argazkilariaren ausardia fotografikoa eta bisuala nabarmendu ditu Saraviak. Garazi Arrizabalagak "iturri bisual" lez egileak egindako ekarpena azpimarratu du. "Erakusketa oso garrantzitsua da, Durangoko historiaren zati bat biltzen duelako". Anzola senideek urte guzti hauetan gordetako materiala utzi izana eskertu dute guztiek. 

Ane Abanzabalegi zinegotziak ere erakusketaren ekarpena azpimarratu du. "Ez dago etorkizunik iragana ezagutu barik. 'Anzola'-rena bezalako lanari esker sortzen da memoria historikoa".

Museoak egin ohi duen bezala, hitzaldiak ere eskainiko dituzte erakusketa dela-eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!