“Durangoko bonbardaketaren inguruan zer dakiten galdetu gura nien herritarrei”

Anboto 2021ko mar. 26a, 09:30

Herritarrek bonbardaketaren inguruan dakitena dokumental batean jaso du Iban Gorritik. Bestalde, Mauro Saraviagaz batera, José María Anzola 'Antzola'-ren inguruko argazki erakusketa prestatzen lagundu du Arte eta Historia Museoan.

Dokumentalari dagokionez, zelan sortu da proiektua?
Martxoaren 31 gerturatzen zebilen neurrian, nik neuk sortutako bideo dokumentalak proiektatzea adostu nuen Zugaza zinemako jabeagaz. Alde bien arteko ekimen pribatu bat da, hirugarrenentzako plusbaliarik sortu barik. Baina proiektua zabaldu egin da eta 'Durango 1937' Chesterren (Ingalaterra) bizi den eta ezagutzen ez nuen pertsona batek editatu du.

Zein ikuspuntu lantzen du dokumentalak?
Abiapuntua da gerra batean inork ere ez duela irabazten. Denok galtzen dugu. Bigarren ideia da bonba faxistek alde bietako pertsonak hil zituztela. Horixe da faxismoaren zentzugabekeria. Durangoko bonbardaketaren inguruan zer dakiten galdetu gura nien herritarrei. Gogorarazten dugu zein hiru potentziek parte hartu zuten: Hitlerren naziek koordinatu, Musoliniren faxistek exekutatu, eta Molaren kolpistek proposatu zuten.

Non ikusi ahalko da?
Atzo hiru emanaldi eman genituen. Domekan, martxoak 28, 12:00etan proiektatuko dugu eta baita martxoaren 31n ere, 17:15ean.

Arte eta Historia Museoko erakusketan ere parte hartu duzu. Zelan deskubritu zenituen Antzolaren argazkiak?
Berak ateratako argazkirik gehienak ezagutzen genituen, baina ez genekien norenak ziren. Bitxia da erakunde batzuek argazki horiek euren jabetzakoak zirela esatea, egilea José María Anzola 'Antzola' zela aitortu barik. Mauro Saravia argazkilari arratiarra konturatu zen publikazio abertzaleetan argazkilari batek 'Antzola' izenagaz sinatzen zuela. Saraviak horixe kontatu zidan eta ikertzen aritu ginen. 'Antzola'-ren familiagaz egon nintzen eta oso material interesgarria gordeta zutela konturatu nintzen. Museoko erakusketan bere argazki kamera ikusi daiteke, orain 84 urte hemen egon zena. Euzko Deya aldizkarirako Caracasen errebelatu zituen argazkiak ere badaude. Bere galoiak, eskuz egindako ikurrin txiki bat edo ezagutzen ez diren fronteko argazkiak. Gainera, Mauro Saraviak unitate didaktiko batzuk prestatu ditu ikastetxeetarako.

Nor zen 'Antzola'?
Bilbotarra zen, Otxandiano batailoiko gudaria. Malato batailoiko komandante izatera heldu zen. Unitate biak EAJrenak ziren. Euskadiko behin-behineko gobernuak eskatu zion Durangon eta Gernikan bonbardaketaren osteko argazkiak ateratzeko. 'Antzola' asko miresten dut, eta, horregatik, Mauro Saraviak eta biok 'Euskal Robert Capa' esaten diogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!