Saskibaloiaren munduko izen handi batek agur esan digu. Juanjo Moreno gaur goizean hil da, Loiolan, 82 urte zituela. Durangoko Tabirako klubaren ibilbidea eta nortasuna ezin daitezke ulertu Morenoren ekarpena barik. “Garrantzia ikaragarria izan du. Guztia. Gure klubeko ‘alma mater’-a izan da. Asko eman digu eta maila askotan. Jende askorentzako erreferente handia izan dena joan zaigu”, adierazi du Ina Mendibek Tabirako klubeko presidenteak.
Gaztetan, kimika ikasketak egin zituen Zaragozan eta ondoren filosofia ikasi zuen Loiolan. Ikasketak saskibaloiarekin uztartzen zituen. 1965ean hasi zen Durangon entrenatzen eta gerora Durangora etorri zen bizitzera. Orduan 28 urte zituen. ANBOTOk Morenori 2015ean egindako elkarrizketa batean lehenengo urte haiek gogoratu zituen. "Beraiekin jokatu nezan gura zuten. Argi nuen Tabirakok meritu handia zuela, baina behar zuena harrobia zela. Nire papera jokalari izatea baino entrenatzaile izatea izan behar zela ikusi nuen". Eta hurrengo urteetan lan horretan aritu zen, taldeari egitura bat ematen, filosofia bat txertatzen eta harrobia lantzen. "Taldea norbera baino gehiago dela transmititu gura izan nuen", azaldu zuen.
2010ean Bizkaia Basket fundazioak Saski Saria eman zion Morenori Bilbon egindako ekitaldi batean. Saskibaloiaren alde egindako lana eta gazteen artean baloreak txertatzen egindako ahalegina aintzatesi gura izan zizkioten sari horrekin.
Izan ere, Morenok saskibaloiaren alde egindako lana ez zen Tabirakora bakarrik mugatu eta lorratza utzi du beste hainbat tokitan. "Gure saskibaloiaren historiaren zati garrantzitsu bat joan zaigu", adierazi du Euskadiko Saskibaloi Federazioak sare sozialetan.
Boluntariotza lana
"Morenoren legatua ez da saskibaloira bakarrik mugatzen. Durango osoan jende askori lagundu zion. Jesuita zen eta kanpotik zetorren jende askori gizarteratzen lagundu zien", dio Mendibek. Jesuiten Etxea etorkinentzako harrera zentroko bultzatzaile aitzindaria izan zen. Ildo horretatik, Gerediaga Elkarteak Teila saria eman zion 2015ean urte askoan egindako lana aintzatesteko.
Ia bost hamarkadatan hemen bizi ostean, 2010ean Tuterako Jesuiten etxera joan zen eta han ere gizarteratze proiektu batean parte hartu zuen. Ondoren, Tuteratik Donostiara joan zen eta handik Loiolako basilikako egoitzara. Han eman ditu bere bizitzako azken urteak.