Zelan heldu zinen Durangora?
Batxilergoa Bilbon, Indautxuko Jesuitetan ikasi nuen. Kimika ikastera Zaragozara joan nintzen, eta saskibaloian jokatzen nuen. Jesuiten ikastetxe nagusian nengoen, eta bertako Jesuiten taldea entrenatzen nuen. Horrela, Vicente Zabalak, beranduago San Faustoko parrokoa izan zenak, entrenatzaile izateko fitxatu ninduen. Ikasketak amaitzean, Loiolara joan nintzen, filosofia ikastera. Bigarren urtean, 1965ean, Vicente Zabalak asteburuetan Durangora entrenatzera etortzeko eskaintza egin zidan. Beranduago Durangora etorri nintzen.
Tabirakon jokatu nezan gura zuten,
|
Sasoi hartan, Tabirako saskibaloi taldea sortuta zegoen arren, bultzada handia eman zenion.
Heldu nintzenean, 28 urte nituen. Beraiekin jokatu nezan gura zuten. Argi nuen Tabirakok meritu handia zuela, baina behar zuena harrobia zela. Nire papera jokalari izatea baino entrenatzaile izatea izan behar zela ikusi nuen. Gainera, entrenatzaile tituluak nituen, eta esperientzia nuen. Zaragozan zaletasun eta gogo handia zuen jendeagaz elkartu nintzen, eta gorengo mailara igo ginen. Madrilen eta Bartzelonaren kontra jokatu genuen hainbat urtetan. Era berean, laguntasuna eta boluntariotzaren esperientzia bizi izan nituen han, eta balio handia ematen nion. Tabirakon ziharduen jendeagaz ere balio horiek bat egiten zutela ikusi nuen. Horrela, gehiago entrenatzen hasi ginen, eta baita etxeko entrenatzaileak hezten ere.
Zelako balioak igorri gura izan zenituen Tabirakon egon zinen sasoian?
Taldea norbera baino gehiago dela transmititu gura izan nuen. Manchester United taldeak lelo bat du, eta hau dio: Hemen garrantzia gutxien duena ni naiz, eta garrantzitsuenak gu gara. Talde espiritua. Entrenamenduetara garaiz heltzea, taldea duintasunez ordezkatzea, irabazterakoan edo galtzerakoan beti onena ematea, garaipenak gozatzea eta porrotetatik ikastea, aurrekoengandik doan jaso duguna doan itzultzea, talde
arenganako maitasuna...
Zelan jokatzen zenuten?
Tabirakok 50 urte baino gehiago iraun badu, erabaki on asko eta hutsune batzuk eduki dituelako izan da. Hala ere, bagenekien jokalari bakoitzaren ekarpenari bere balioa ematen. Saskiratzen duenak, distiratzen duenak badu bere saria. Baina badago entrenamenduetan inoiz hutsik egiten ez duen jokalari hori, jarlekuan dagoenean animatu egiten duena, duen guztia ematen duena, ez duena saskiratzen horretarako dohainik ez duelako, baina defentsan ona dena.
Tabirakoren norabidea aldatu zenutenean, taldea heldu den lekura heltzerik espero zenuten?
Barrutik bizi duzunean, ez duzu horrelakorik planteatzen. Taldearen norabidean eragina izan duten bizpahiru momentu garrantzitsu izan direla esango nuke. Lehenengoa izan zen herri honek harrobia behar zuela pentsatu genuenean. Indautxun, esate baterako, eskolako taldea egiteak badu bere zentzua, Bilbo askoz handiagoa delako. Baina Durangon akatsa izango litzateke harrobi hori Jesuiten ikastetxean bakarrik abiatzea. Beraz, haurrak entrenatzen hasi ginen. Loiolatik etortzen nintzen, eta zapatuetan eta domeketan entrenatzen genuen. 13 urte zituzten. Jon Mikel Rodríguez horrela hasi zen, eta entrenatzaile handi izatera heldu zen. Hasieran Tabirako-Loiola deitzen zen, baina, ondoren, Tabirako izenagaz utzi genuen. Bigarren momentua kokatuko nuke Jon Mikel ikastolan entrenatzen hasi zenean. Bertako eskola umeak entrenatzen hasi zen Tabirakoren oinarri gisa. Eskolarteko txapelketan Tabirako-Jesuitak, edo Tabirako-Kurutziaga deitzen dira, baina kadeteetatik aurrera, Tabirako da. Eta, hirugarrena, Zipri Zabala Neversen gauza bera egiten hasi zenean nesken taldea entrenatzen, baina Tabirakoren barruan. Beraz, Durangoko saskibaloiaren garapena Tabirakoren babesean egin da. Gazteak beraien ikastetxekoak eta beraien klubekoak sentitzen ziren.
Gerediaga Elkarteak
|
Zailtasunak ere izango ziren.
Boluntariotza mantentzeak, ez ordaintzeak zalantzak sortzen zituen. Hainbeste talde dituzunean ematen du ez dela bideragarria, baina nik beti esan diet Tabirakok bazkideen batzarra duela, eta momentu batean beste zer edo zer erabakitzen badute, errespetatu egin beharko dela. Baina zailtasunak ikusten dituztenei esaten diet ez pentsatzeko lehen erraza zenik. Zailtasunak beti egon dira, eta aurrera egin dugu. Beste batzuek beraien harrobiagaz zer egiten duten begiratzen duzu, eta, ohartzen zara, ordaindu arren ere, ez direla gu baino askoz hobeak. Tabirakok Bizkaian eta Euskadin maitasun handia jasotzen badu, desberdinak garelako dela uste dut.
Durangotik kanpo zaude orain. Zelako agurra izan zen?
Ni Jesuita naiz, eta horrek esan nahi du misio unibertsal bat dugula. Giza balioen girotik nator, eta horrek mugitu nau beti. Erakundea ni baino gehiago da, eta, eskatzen badidate, ni prest nago behar dutenerako.
Hainbat sari jaso dituzu zure bizitzan, baina Teila sariak zer edo zer berezia du zuretzat?
Txiki sentitzen naiz. Ni hezkuntza eta kirol arlotik nator. Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala bultzatzen duen Gerediagak saria ematea berezia da. Gainezka egin dit, eta lotsatuta nago. Durangoko Udalak ere saria eman zidanean antzera izan zen. Eskerrak eman gura dizkiet nire familiari; Jesusen Lagundiari, beti utzi didalako ikastaroetara joan, eta tituluak ateratzen; Tabirakoko jendeari; eta Durangoko Udalari. Juanjo Moreno dena da jende horrek guztiak egin duenarengatik.