Kontseilu Sozialistako kideek elkarretaratzera deitu dute Salesen komentuko "desalojoa" salatzeko

Anboto 2021ko mar. 19a, 13:31

11:00 inguruan Ertzaintza bertara joan da. Durangaldeko Kontseilu Sozialistako kideak barruan zeuden, eta irtetea erabaki dute.

Durangoko Galtzareta kalean dagoen Salesen eraikina okupatu dute Durangaldeko Kontseilu Sozialistako kideek. Ertzaintzak dioenez, 11:00 inguruan bertaratu dira. Barruan zeuden pertsonak beraien borondatez irten direla eta identifikatu egin dituztela diote Ertzaintzako iturriek. Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, "kanpoan zegoen presentzia polizialaren aurrean" irtetea erabaki dute. "Gure irakurketa da desalojo bat izan dela. Ondorioak larriak izan zitezkeela ikusita irtetea erabaki dugu".

Kontseilu Sozialistako kideek elkarretaratzea deitu dute "desalojoa salatzeko", gaur, 19:30ean, Andra Marian.

Eraikina okupatu duen kolektiboak espazio horretan Sekulamendi Zentro Sozialista sortu gura zuen. "Langile klasearen interesen alde lan egiteko asmoz, alegia, gehiengo sozialaren interesen alde lan egiteko bitarteko gisa", azaldu du Kontseilu Sozialistak bere sare sozialetan. 

Salesen Komentua izan zen eraikina 2003tik hutsik dago. 2013an hainbat gaztek okupatu egin zuten. Okupazio horrek hilabete eta erdi iraun zuen, epaileak husteko agindua eman zuen arte. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!