Ertzainek 10:00etan itxi dute komentua. Barruan ez da inor egon.
Hilabete eta erdi iraun du Salesen komentu okupatuak. Joan zen astean husteko agindua eman zuen epaileak, eta gaur Ertzaintzak itxi egin du. Barruan ez zegoen inor hustera joan direnean. Beltzak sartu dira eraikinera; guztira ertzainen sei furgoneta bertaratu dira. Ertzaintzak esan du, eurek itxi ostean, eraikinaren jabea den enpresako beharginak obra egitera joango direla, guztiz ixteko.
Eguaztenean prentsaurrekoa eman zuten eraikin okupatuko kideek, eta kritikatu zuten hamar urtez hutsik eta abandonatuta egon dela eraikin hori. Husteko aginduaren aurrean, euren proiektuekin jarraitzeko erabakia hartu zuten: “Hemen gaude, lanean jarraitzeko gogoarekin”. Enpresagaz hasieratik hartuemanetan egon direla jakin eragin zuten, baina beste bide batetik salaketa ipini izana kritikatu zuten. Eguenean manifestazioa egin zuten Durangoko kaleetan, eta asteburuan ekintzak egon dira, bertso saioa esaterako.