Ibaiari begiratuz itsasoa ikustea

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2021ko mar. 18a, 08:39

Tokatzen zitzaidana baino lehen ezagutu nuen. Urte bi nagusiagoa izaki, arrebak afalorduan liluraz kontatzen zituen klasean entzundakoak. Garai batean beste gai guztiei gailentzen zitzaizkien gure etxeko mahaiaren bueltan Platon eta Marx, eta Agustin, Descartes eta Ortega y Gasset, baina batez ere lehen biak. Ezagutu, ez nuen ezagutzen, baina imajinatzen nuen.

Goienkalen ezagutu ginela uste dut, udaberriko jaian kuadrillakoek aurkeztu zidatenean, batxilergoan hasteko hilabete gutxiren faltan.

Eta ikasgelan aurkeztu zenerako bagenekien zerbait kobazuloaz eta itzalez, klase borrokaz eta alienazioaz, ideien munduaz, tesiaz eta antitesiaz. Zerbait gehiago demokraziaz eta komunismoaz. Ordurako bagenekien musika pintxatzen zuela eta autokarabana bat zeukala. Hasieran galderak egiten zizkigun, eta gero guk berari, eta batzuetan kristo aurreko II. mendetik erantzuten zigun, Greziatik, bestetan Afrikatik, Alemaniatik... eta noizean behin -oso gutxitan- Ibaizabaletik. Sasoi hartan ikasi genuen eztabaidatzen eta pentsatzen -esan nahi baita kritikoak izaten-.

Orduko akorduak harea aleak atzamar artetik bezala jausten zaizkit orain, baina oroitzen dut esan zigula surfean aritutakoa zela baina urpekaritza nahiago zuela, azalean geratu baino gauzen hondoa ezagutzeko. Ordukoak ur uherrak ziren buzeatzeko.

Ezagutzea gogoratzea omen da, eta esango nuke gogoratzea ezagutzeaz gain imajinatzea ere badela. Zortea izan dugu bere ikasle izateagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!