Zelan planteatu duzue kanpaina?
Laura Gomez: Hainbat ekintza egingo dugu. Batez ere, informazioa zabaldu gura dugu, parte hartzea bultzatzeko. Gure helburua prozesu hau gauzatzea da.
Xabier Zabala: Kartelak ipini ditugu galdeketaren inguruko giroa sortzeko. Eskuorriak ere banatu ditugu, eta megafonia ere ipiniko dugu. Ekitaldi bat antolatzeko asmoa ere badugu. Domekarako bizikleta martxa bat antolatu dugu.
Zein garrantzia du parte hartzeak prozesu honetan?
X.Z.: Durangon galdeketa bat egiten den lehenengo aldia da. Horixe eskatu genion udalari sinadura bilketa baten bitartez. Uste dugu horrelako gai estrategikoetan oso garrantzitsua dela herritarren iritzia kontuan izatea. Datozen urteetarako ideia interesgarria da. Politika zaharrera ohituta gaude, goitik behera datorren horretara. Sasoia da parte hartzea sustatzeko eta erabakiak horizontalagoak izateko.
L.G.: Udalak ateak zabaltzea gura dugu. Orain arte, herritarrok alde batetik joan gara, eta erakundeak beste batetik. Uste dugu informazio bide horiek zabaldu egin behar direla, eta, horretarako, prozesu parte hartzaile bat egitea oso bide ona dela, denon iritzia kontuan hartuta.
X.Z. Instituzioek termometroa ipini beharko dute herritarrek zer pentsatzen duten jakiteko. Porlanez betetako eredu bat gura dugu, ala beste zeozer?
Bizi dugun sasoian, parte hartzeak arduratzen zaituzte?
X.Z.: Sasoi gatxa bizitzen gabiltza, eta logikoa da jendea beldurtuta egotea. Baina, lanera goaz egunero, erosketak egiten ditugu...
L.G.: Bizitzak aurrera jarraitzen du eta horrelako ekimenak ere egin behar ditugu. Gainera, segurtasun neurri guztiak martxan egongo dira. Landako Gunea oso leku aproposa da horretarako.
X.Z.: Ia hiru urte daramatzagu galdeketaren gaiagaz. Guretzat lehentasun bat da, Durangoren erdigunean dugun espazio handi hori herritarrek aprobetxatu beharko luketelako. Horregaitik, parte hartzera dei egingo nieke herritarrei, aukera hau aprobetxatzeko.
Galdeketa hau inflexio puntu bat izan daiteke politikagintza beste modu batera egiteko?
X.Z:.: Gai honetan zein beste askotan, ondo legoke herritarren iritzia aintzat hartzea, minimo moduan.
L.G.: Udalaren helburua herritarrei babesa ematea da. Herritarrik barik ez dago udalik. Udala herritarrei zerbitzu bat eskaintzeko dago.
PSE-EEk oharra kaleratu du galdeketa "fartsa" bat dela esanez. Zelan hartu dituzue adierazpen horiek?
X.Z.: Erabaki Plataformako kideok PSE-EEgaz batu izan garenean eta galdeketaren oinarriak eta baldintzak aurkeztu zirenean, aldeko jarrera erakutsi zuten publikoki. Ordutik hona ez dira baldintzak aldatu, eta, beraz, ez dugu ondo ulertzen azken orduko iritzi aldaketa hau.
Galdeketa ez da loteslea legalki, baina udaleko alderdiek, PSE-EE kenduta, bat egingo dutela diote. ETSk ere errespetatuko duela dio.
X.Z:.: Hipotesi bat ipiniko dut. Baiezkoak irteten badu, esan gura du iritzi horrek indarra duela herrian. Udaleko ordezkaria bazara, horrek gogoetarako aukera eman beharko luke. Legalki ez da loteslea izango, baina etikoki bai. Eta, kontrara, jendeak ezezkoa ematen badu, eta orain arteko proiektuaren alde egiten badu, hori ere errespetatu beharko da.