50 arbola berri Durangoko 100 ikasleren eskutik

Anboto 2021ko mar. 1a, 11:03

Durangoko Udalak 50 arbola berri sartu ditu Zuhatzola parkean, herriko 100 ikaslerekin elkarlanean. Azken asteotan sartutako beste 71 aleak kontuan hartuta, 121 zuhaitz berri daude Durangon.

Durangoko ikastetxe bakoitzeko 20 ikaslek zuhaitz landaketa egin zuten atzo. Haritzak, lizarrak, astigarrak eta hurritzak sartu zituzten Zuhatzola parkearen inguruetan. Bertako espezieak denak. Asteburu honetan sartutako 50 aleak duela bi aste landatutako beste 71 aleei batzen zaizkie. Eta, horrenbestez, guztira, 121 arbola berri daude Durangon. Egitasmo hau 2020ko aurrekontu parte hartzaileetatik eratorritako ideiarik bozkatuenetakoa izan zen. 859 boto jaso zituen.

“Ekimen honekin herriko haurrak izan dira protagonista eta naturarekiko hartu-emana lantzeko aukera paregabea izan dute. Horrelako ekimenek ilusio berezia egiten digute gobernu talde bezala, gobernutik bultzatzen ditugun hainbat ildo estrategiko barnebiltzen dituztelako", adierazi dute Mariam Bilbatua eta Mikel Uriguena zinegotzi eta Eskola Kontseiluko kideek. "Durango berdeago" bat lantzeko beharra azpimarratu dute biek.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!