Durangaldeko Podemos-Ahal Dugu alderdiak herri galdeketaren aurrean duen posizioa argitu du hedabideetara bidalitako oharrean. "Bai. Bai PERI 1 Trenbidea proiektua gelditzeari", adierazi du. "Bai, trena lur-azpiratu osteko orubean 18 solairutako bost dorre eraikitzea ekiditeari. Bai, alternatiba bideragarri bat erabakitzeko arduradunak herritarrak izateari", gehitu dute. Horregatik guztiagatik, martxoaren 14an bozkatzera joatera deitu dituzte durangarrak.
Talde moreak herri galdeketak ipini ditu etorkizunean lantzeko bide modura. "Herritarrak kontsultatzeko ariketa demokratikoak ohiko jarduna" izan beharko lukeela iritzi dio. Herritarren ongizatea erdigunean ipini behar dela nabarmendu dute. Alde horretatik, herritarrak kontuan hartuko dituen udalerri "demokratikoago bat eta parte hartzaileago bat" aldarrikatu dute.