Aldundiak Durangoko Udalari baieztatu dio ez duela Landaederratik gorako pistan hormigoirik botako

Anboto 2021ko ots. 26a, 09:58

Udalak eskatu bezala, Aldundiko Ingurumen zuzendari nagusiak Ima Garrastatxu alkateari jakinarazi dio ez dutela jarraituko foru erakundeak aurreikusitako planarekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak Durangoko Udalak bidalitako gutunari erantzun dio, esanez ez duela hormigoirik botako Landaederratik 'Marmol'-era bidean den pistan, Udalak eskatu bezala. Lan horrek, bere hasierako aurreikuspenean, 2021ean 1.200 metroko tarte bat eta 3 metroko zabalera hormigoiztatzea aurreikusten zuen.

"Durangon hormigoirik gabe geratzen zaizkigun naturgune urriak zaindu behar ditugula uste du gobernu talde honek. Horregatik, Aldundiak Marmolerako pistan asfaltatze-lan batzuk egiteko asmoa zuela ikusita, harremanetan jartzea erabaki genuen, egin ez zitzaten. Gobernu talde honetan uste dugu garrantzitsua dela gure mendiak zaintzea, eta pozten gara berri honekin", azaldu dute gobernu taldeko kideek.

Durangoko Udalak eskaera egin ostean, Aldundiko Ingurumen zuzendari nagusiak Ima Garrastatxu alkateari jakinarazi dio ez dutela aurreikusitako planarekin jarraituko.

Era berean, Aldundiak udalari jakinarazi dionez, Natura Ondarearen Zerbitzuak Durangoko mendietan pistak mantentzeko lanak egingo ditu soilik udalak eskatzen dionean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!