Landaederratik gorako pista ez hormigoitzeko eskatu dio Durangoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari

Anboto 2021ko ots. 17a, 09:47
Landaederra eta handik gora doan bidea.

Aldi berean, Neberondora bidean motordun ibilgailuen sarrera debekatuko duen seinale bat jartzeko nahia helarazi dio Foru Aldundiari, baimenduek soilik igaro ahal izateko.

Elkarrizketa ezberdinak mantendu ostean, Durangoko Udalak gutuna helarazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari Landaederratik gora doan pista ez hormigoitzeko eskatuz, aurrez hitz egindakoak idatziz eta modu ofizialean jasotzeko. Izan ere, plan batean jasota dagoenez, Aldundiak Landaederra baino goratxoagotik hasi eta Mugarrarako mendi bidea hasten den bihurguneraino dauden 800 bat metroetan zementoa botatzeko asmoa zuen.

Horrez gain, Neberondoko parajera doan bidea hormigoitu ondoren, motordun ibilgailuen joan-etorria handitu daitekeela eta horrek segurtasun arazoak sor ditzakeela uste du udalak, “eremu naturalean zarata eta desnaturalizazio prozesua” areagotuz, ohar batean azaldu duenez. Kezka horri irtenbide bat eman nahian, udalak hurrengo neurriak hartzea eskatu dio Aldundiari:

- Lehenik eta behin, Neberondora doan bide ertzean seinale bat ipintzea, bertan motordun ibilgailuei sarrera debekatuta dutela adieraziz.

- Aurreko neurriak ez badu motordun ibilgailuen sarrera ekiditen, leku berean itxidura bat jartzea, non bertako giltza erabiltzaile baimenduak soilik izango luketen: larrialdi zerbitzuek, basozainak, Basolan-ek eta Aldundiaren eta udalaren artean adosturiko beste baimendu batzuek.

Landaederra baino goratxoago amaitzen da zementuzko bidea:

Mugarra mendirako mendi bidea hasten den bihurguneraino zementoa botatzea aurreikusten du planak:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!