"Segurtasun eta osasun" arrazoiengatik Sapuetxea zena botatzea eskatu du Durangoko EAJk

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 22a, 15:19

Durangoko EAJk udal gobernu taldeari eskatu dio 2018an URA agentziarekin lortutako akordioari berriro ere heltzeko. Akordio haren arabera, URAk eta orduko Durangoko Udalak eraikina erdibana botatzea adostu zuten. 

Durangoko EAJk Sapuetxea lez ezagutzen den eraikina botatzeko eskaria egin du "segurtasun eta osasun" arrazoiak direla eta. Hedabideetara igorritako oharrean, Montevideo kalearen bueltako bizilagunak gerta daitezkeen edozein istripurekin "nekatuta" eta "oso kezkatuta" daudela dio EAJk. "Eraikinaren atzealdea amiantozko plakez estalita dago, eta plaka horiek ibaira erortzen dira zuzenean, horrek dakarren kutsadura eta osasun arriskuarekin", adierazi dute. "Azken urtean, txintxorren erorketa gero eta handiagoa da, eraikina igarobide handiko kale batean dago, eta, horri buruz ezer egiten ez bada, edozein unetan izango dugu atsekabea", gaineratu dute.

Jeltzaleak "harrituta" daude udal gobernu taldeak eraikinaren egoera zelakoa den aztertzeko, eta, beharrezkoa balitz neurriak hartzeko eskatu dielako jabeei. "Eskaera honek ez du zentzurik", EAJren esanetan. Eraikina "lehenbailehen" bota behar dela defendatu du, "gaur egun duen narriadura- eta abandonu-egoeragatik" batetik, eta "zonaldean dagoen uholde-arriskuagatik ere" bestetik.

2018ko akordioa eztabaidara

Alde horretatik, EAJk gogora ekarri du 2018an Durangoko Udalaren eta URA agentziaren artean lortutako akordioa. Kontua da ordu hartan, eraikina botatzeko akordioa adostu zutela Durangoko Udalak (EAJ eta PSE-EE zeuden gobernuan) eta URAk. Bakoitzak bere aldetik 425.000 euro ipintzea adostu zuten, diru horregaz eraikina botatzeko. Baina Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea taldeak helegitea ipini zien asmo horiei, eta puntu hori erabat argitu barik dago oraindik. "Aurka agertu ziren orduan, eta orain eraispenaren aurka agertzen jarraitzen dute, prozesua atzeratzen saiatzen ari baitira, prozesu ilogikoen bidez", kritikatu du EAJk.

Berriki, eraikina botatzea eskatzeko sinadura bilketa egin dute hainbat bizilagunek. 130 herritarrek egin dute bat eskariarekin, EAJk adierazi duenez. Ima Garrastatxu alkateak urtarrileko osoko bilkuran adierazi zuenez, otsaileko osoko bilkuran eztabaidatuko dute luze eta zabal gaiari buruz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!