Boni Macarroni eskainitako margolana erakutsi die Durangoko Udalak senideei

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 24a, 09:11

Durangoko Udala Boni Macarrón martxanteraren senideekin batu da. Arantza Orbegozok Macarrón zenaren omenez egindako margolana erakutsi die haren ahizpari eta bi semeri. 

Durangoko Udalak Boni Macarrón eta gainontzeko martxanterak omentzeko lanetan segitzen du. Aurreratu duenez, Boni Macarronen omenezko margolana ipiniko dute laster Andra Mariko elizpean, hain zuzen, Boni bera egon ohi zen arkupean. Oraingoz, baina, Durangoko Udalak, ez du omenaldiaren data zehatzik jakinarazi. Ez du margolanaren irudirik argitaratu, herritar guztiei erakutsi baino lehen, udal arduradunek Boniren senideei aurkeztu gura izan die-eta obra. Horretarako, Durangoko Arte eta Historia Museoan batu dira Boni zenaren ahizpa eta seme bi, udal agintariak, eta Arantza Orbegozo, margolana egin duen artista. 

"Durangon baditugu herri bezala batzen gaituzten eta iraganeko Durango gogorarazten diguten elementu eta erreferentzia batzuk. Boni eta gainerako martxanterak horren adibide garbia dira. Horregatik, gobernu-talde honek argi izan du omenaldi moduko bat egin behar geniela hainbeste une poztu gaituzten emakume
horiei guztiei. Herri gisa hazten jarraituko duen komunitate bat eraiki nahi dugu, eta uste dugu hain zoriontsu egiten gintuzten emakume nekaezin horiek gogoratzea urrats bat dela norabide horretan", azaldu dute Julian Rios eta Juanan Bueno zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!