‘Boni’, Durangoko Andra Maria elizpeko saltzailea omenduko du udalak

Anboto 2020ko aza. 17a, 16:38

Badira herritarren irudimen kolektiboan iltzatuta gelditzen diren pertsonak. Zalantzarik barik, horietako bat da ‘Boni’, Durangoko Andra Maria elizpean urte luzez, makina bat umeri (eta ez hain umeri) goxokiak saldu izan dizkion emakumea. Haren irudi bat ipiniko du udalak, hura egon ohi zen arkupean.

Durangoko Udalak Boni Macarrón omenduko duela iragarri du. ‘Boni’ urte askoan egon da Andra Maria elizpean beharrean, askotariko goxoki eta litxarreriak saltzen. Gutxi izango dira hark saldutako goxokirik sekula ahoratu ez duten durangarrak.

Bada, ‘Boni’ omentzea erabaki du udalak.  “Andra Maria elizpeko martxanterak ikur izan dira eta izango dira durangar askorentzat; gure herriaren oroimen kolektiboaren parte baitira. Hori dela eta, oso garrantzitsutzat jo genuen udalak bere irudiari balioa ematea”, azaldu du gobernu taldeak.

Udala omenaldia prestatzeko lanetan dabil. Familiarekin egin du berba, eta aurreratu du Boniren beraren irudi errealista bat ipiniko duela bera zegoen tokian, arkupean. 

EH Bilduk adierazpen instituzionala aurkeztu zuen duela bi urte Boni eta Durangoko emakume martxanterak omentzeko.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!