Uribarri 23 eraikineko jabeei “neurriak hartzeko” eskatu die Durangoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2021ko ots. 22a, 18:29

Sapuetxea lez ezagutzen den eraikineko jabeei Eraikinen Ikuskapen Teknikoa egiteko eta berau aurkezteko eskatu dio Durangoko Udalak.

Durangoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Uribarri kaleko 23 zenbakiko eraikinari irtenbidea emateko lanean jarraitzen du. Hori dela eta, eraikineko jabeek hiru hilabeteko epean Eraikinen Ikuskapen Teknikoa aurkeztu beharko dute, eta bertan herritarrentzako balizko arriskuren bat atzemanez gero, jabeek berehala konpondu beharko dute. "2019ko urritik ari gara gai honetan lanean, eta URAko zuzendaritzarekin bildu gara, hura baita administrazio eskuduna. Gobernu talde honek argi dauka, eta horrela ari da lanean duela urte eta erditik, durangarren onerako lan egin behar dugula", azaldu dute udaleko arduradunek.

Bestalde, agindua udalak aurtengo urtarrilean egindako bi ikuskapenen ostean datorrela jakitera eman dute. "Ikuskapen horietan ondorioztatzen da egun ez dagoela egiturazko arriskurik eraikinean. Hori dela eta, udalak higiezinaren EITa aurkezteko eskatuko die jabeei, 50 urtetik gorako eraikin guztiek nahitaez behar baitute", jarraitu dute. Bertan, arazoren bat atzemanez gero, orduan bai, jabeek "premiazko neurriak" hartuko beharko dituztela esan dute udaleko kideek. "Jabetza pribatuko eraikin bati buruz ari gara, eta udalak bere jabetzakoa ez den eraikin batean neurriak hartzea legez kanpokoa izan liteke, prozedura bat jarraitu behar dugulako. Horregatik guztiagatik, eraikinaren jabeei beharrezko neurriak hartzeko eskatu diegu", azaldu du gobernu taldeak.

Horrez gain, URArekin harremanetan jarraitzen dutela jakitera eman dute, eraikina eraisteko aukerari buruz. "Eta jakinarazi diegu udalak interpretatzen duela jabetza pribatuko eraikin bat beren jabeek eraitsi beharko dutela", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!