Hormigoiz blai

Erabiltzailearen aurpegia Alpino Tabira mendi taldea 2021ko ots. 9a, 21:43

2020ko azaroa. Pandemia betean, murrizketa gorabeheratsuekin, ez dakigunean jada non ibili gaitezkeen eta non ez, hormigoia patxada ederrean dabil, gutxien espero den lekuan agertuz. Ez du ulertzen ez udal-mugez ezta lurralde historikoz ere. Nahi duena egiten du. Eta horrela, ezustean, beste behin ere agertu da gure eskualdean.

  Gauetik goizera, hormigoia ia Neberondoko izoztegiaren atariraino iritsi zaigu, Mugarraren oinetaraino, Urkiolako Parke Naturalaren muga-mugan. Handik eta hemendik zenbait txio, albiste eta zuzendariari bidalitako gutun azaltzen hasi dira eta orduan ezagutu dogu guzti honen gakoa: 2019 urtean sinatutako "Bizkaiko Naturgune Babestuetako pistak hobetzeko 2020-2021 urtearteko proposamena”.
  Dokumentu honetan sakonduz aurkitu dogu Neberondon zein beste hainbat pistatan egin asmo dituzten “hobekuntzei” dagozkien justifikazioak, bi lerro eskas: "Baso-pistek, euri-uren eta ibilgailuen joan-etorrien ondorioz, aldizkako mantentze-lanak behar dituzte, sarbidea eta zirkulazioa bermatzeko". "Egokitasun-txostena" ere kontsultatu dugu, arrazoi sakonagoen bila, baina hau besterik ez dugu aurkitzen: "Kalteak konpontzeko, egonkortasuna ziurtatzeko eta ibilgailuei bermeak eskaintzeko jarduerak dira". Arrazoi horiek babesten dute Neberondon egin berri dena, zehaztasun gehiagorik eskeini gabe. Orain, Neberondoraino igo gaitezke hormigoia zapaltzeari utzi gabe! Edo hobe oraindik, gure ibilgailuetan, ez guk ezta beraiek ere ezer igarri gabe! Eta horrela, hormigoiz dena estaltzeko desira dutenek, familiarteko ibilaldi lasai, natural eta interesgarri bat urbanizatu dute, bat gehiago, “kalteak konpontzeko” aitzakipean.
  Egoera honen aurrean, Alpino Tabiratik lanon “
egokitasunaren” harira gure zalantzak adierazi nahi ditugu. Gure ustez bide erraz eta azkarrena aukeratu da, kuriosoki, justifikazioan bertan aipatzen den "aldizkako mantentze-lanak" saiheste aldera. Beste behin hormigonerari eragin zaio, eskuartze kirurgikoagoak alde batera utzita. Guri aldiz, baztertutako aukera hau egokiagoa iruditzen zaigu, kalteak sortzen diren lekuan bertan konponduz, inguruari errespetu gehiago adierazita jardunez. Ez al gaude bada, Parke Natural baten atarian? Obrok ez al lukete ingurumen-inpaktu adierazpen bat behar? Eta Durangoko Udalak, lurren titularrak, zer iritzi du guzti honen inguruan?
  Zoritxarrez, obrok eginda daude dagoeneko, nahiz eta, bide batez esan behar dugun, nahiko modu ilunean, gutako gehienak ustekabean harrapatuz. Horrek ez du bat egiten "
Bizkaia irekia”-ren garaiekin. Baina, jar gaitezen eszenatoki berrian: Zer ondorio ditu alfonbra zuri horrek ibilgailuen zirkulazioari dagokionez? Neurririk hartu ezean, inguruotan trafikoa ugaritu egingo da. Zein arrisku izango ditu paseoan gerturatzen diren familientzat? Kirola era lasai batean praktikatzera datozenentzat? Zein ondorio inguru naturalaren babesarentzat (zaborra, zarata)? Nola kontrolatuko da ibilgailuen joan-etorria? Ez dugu batere argi.
  Bigarren zatiak ez omen ziren inoiz onak izan eta honek ere badu, zoritxarrez, berea. Neberondo hormigoiz blaitu ondoren, 2021ean Marmol inguruan ibiliko dira plisti-plasta, modu berean jokatuz. Orain 1.200 metro hormigoiz estali behar dira (ziur gehiago direla), 3 metroko zabalerarekin eta justifikazio berberetan oinarrituz. Benetan al da hau beharrezkoa? “
Hobekuntzaren” helburu den pista ederto ezagutzen dogu (Legarmendiko ingurune basatiaren atari da) eta zatirik handiena oso egoera onean ikusten dugu. Gainera, proiektatutakoa baino zabalagoa da. Zergaitik alde guztietatik hormigoia botatzeko desira itsu hori? Nortzuk dira onuradunak? Beste behin ere harri berean egiten dugu estropozu eta Neberondoko kasuan erabili ditugun argudio berberak baliagarri zaizkigu oraingo honetan ere. Hala ere, badago alde bat: obra horiek oraindik ez dira burutu. Oraindik Foru Aldundiari zuzentzeko garaiz egon gaitezke. Herrian oraindik ditugun paraje natural apurrak, gure azken arnasguneak, lasaitasuna eskaintzen digutenak, defendatzeko inplikatuko al gara?

  Hemen partekatzen dugu informazioen jatorria:
https://www.euskadi.eus/web01-tramite/es/contenidos/anuncio_contratacion/expjaso27475/es_doc/es_arch_expjaso27475.html

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!