Gero eta gutxiago falta da martxoaren 14ko herri galdeketarako. Honako hau izango da galdera: ”Ados al zaude PERI 1 TRENBIDEA proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte-hartzea aintzat hartuta?”. Ildo horretatik, zer bozkatu erabakitzeko herritarrek ahalik informazio osatuena izan dezaten, hainbat bide ireki ditu udalak eta gaur eman ditu jakitera.
Parte-hartze prozesuaren barruan lau foro presentzial egongo dira: otsailaren 16an, 17an eta 23an. Lehenengo biak 18:30etik 20:00etara izango dira. 23koan saio bi egongo dira, 16:30ean eta 18:00etan hasiko direnak. San Agustin Kultur Gunean izango dira, euskaraz eta gazteleraz. Batzarrek eduki nagusi bi izango dituzte: galdeketaren prozedurari buruzko argibideak ematea eta hirigintza proiektua bera azaltzea.
Informazioa jasotzeko beste bide bat bihar bertan martxan jarriko duten webgunea da: www.galdeketa.durango.eus. Bertan informazio guztia eskuragarri egongo da eta atal batean herritarrek izaten dituzten ohiko zalantzak argituko dituzte.
Aipatutakoaz gainera, herrian informazio-panelak jarriko dituzte eta informazioa buzoiz buzoi banatuko dute txanda bitan.
Parte-hartze prozesua amaitzean kanpaina hasiko da, otsailaren 26tik martxoaren 12ra.
Landu duten txostena
Kontu hauetan aditua den Hiritik-at enpresak dinamizatuko du galdeketa. Era berean, proiektuaren inguruko informazio guztia jasotzen duen behin behineko txosten bat landu dute. Hor jasotzen dira proiektuaren aurrekariak zeintzuk diren, gaur eguneko egoera zein den eta galdeketaren ostean zer bide hartu ahalko den, emaitza edozein dela ere, Hiritik-at enpresako Carlos Renedok azaldu duenez. Informazio hori guztia webgune berrian jarriko dute eskuragarri.
Txosten horrek udalbatzarreko "alderdi guztien ekarpenak" jasotzen dituela azpimarratu du Ima Garratsatxu alkateak, bai eta Euskal Trenbide Sareak egindako "ekarpen batzuk" ere.
Azkenik Garrastatxu alkateak Julian Rios alkateordeak balorean jarri dute galdeketaren prozesua bera eta azpimarratu dute Durangoko galdeketa adibide bat izan daitekeela beste udalerri batzuetan antzerako galdeketak sustatzeko.