Durangoko Udaleko ordezkariak Euskal Trenbide Sareko ordezkariekin batu ziren pasa den barikuan. Bilera Bilbon egin zuten, ETSk bertan duen ordezkaritzan. Udalak adierazi duenez, udalbatza osatzen duten lau alderdiak PERI 1 Ferrocarril proiektuari buruzko txostena ari dira lantzen, eta txosten hori bera helarazi zioten, hain zuzen, Euskal Trenbide Sareari, azken honek, bere ekarpenak egin ditzan. Helburua "herritarren eskura" ipiniko den "txosten garden eta objektibo bat" egitea dela nabarmendu du udalak.
"Udalak kontsultara begira egiten duen lanak gardena eta objektiboa izan behar du. Horregatik, oposizioko alderdien eta beste erakunde batzuen iritzia jasotzen ari gara, txostena ahalik eta objektiboena izan dadin. ETSko zuzendaritza berriarekin egindako bilera horrek informazio hori guztia helarazteko eta iritzia eskatzeko balio izan du. Durangar guztien erakunde gisa, Udalak kanpaina objektibo bat egingo du parte-hartzea sustatzeko", azaldu dute udal iturriek.
URA Uraren Euskal Agentziarekin eta ETS Euskal Trenbide Sarearekin izandako bileretan "sintonia ona" egon dela nabarmendu du udalak. Etorkizunean ere gisa bereko bilerak egitea aurreikusten dute.