Garazi Arrizabalaga Arte eta Historia museoko zuzendariak eta Ane Abanzabalegi zinegotziak bat egin dute digitalizazioak gaur egun duen garrantzian, eta museoaren webguneak egingo duen ekarpenean. "Beharrezkoa da garai digitaletara egokitzea, eta horretara bideratzen ari gara gure ahalegina. Parte hartze prozesurako webgunea sortu genuen, eta orain museoarena berritu dugu", nabarmendu du Abanzabalegik. Etorkizunean Durangoko Udalaren webgunea ere berritzeko asmoa agertu du zinegotziak.
"Museoa ez da leku itxi bat, ezagutzaren gune bat da, eta webguneagaz are gehiago zabalduko da". Une honetan, Ramon Zuriarrainen Alegiazko paisaiak eta ironiaren irudiak erakusketa dago ikusgai museoan, eta honi buruzko informazio gehigarri ugari dago webgunean. Horrez gainera, erakusketetako katalogoak ere ikusgai daude.
Itxialdiko ekarpena
Webgune berriko atalen artean, itxialdian zehar osaturiko Aste bat, artista bat berreskuratzea nabarmendu du Garazi Arrizabalagak. "Bederatzi astetan egin genuen programazioa batu dugu. Museoko artistei buruzko informazioa, edota historiari buruzko informazioa dago bertan mundu guztiarentzako eskuragai. Beste museoek egin ez duten lan bat egin dugu; besteak beste, ikastetxeentzako interesgarria izan daitekeela uste dugu", azaldu du zuzendariak. Arrizabalagak berak Nerea Gastónen eta Imanol Taberaren laguntzagaz egin zituen bideo hauek martxoan eta apirilean.
Webgunearen bidez, museoa etxeetara eramateaz gainera, Arte eta Historia museoa Durangoko mugetatik haratago zabaltzen lagunduko duela adierazi dau Garazi Arrizabalagak. "Durangoko bisitariak ez ezik, Espainiar estatukoak, edota AEB eta Kanadakoak eduki ditu webguneak".