#0km

"Gure motibazioak eta gogoak eguneroko lanean transmititzen hasiak gara; lanerako gogoz gaude"

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 22a, 11:30

Josu Saeterok (Abadiño, 1993) eta Joseba Verak (Durango, 1993) Ernetu psikologia zentroa zabaldu dute Durangoko Jose Antonio Agirre Lehendakaria kalean. Ibilbidea hasi besterik ez dute egin. Urtarrilaren 4an zabaldu zituzten zentroko ateak eta pozik daude orain arte izandako harreragaz. Esku hartze indibidualak egiteaz gainera, errendimendu akademiko baxua duten gazteak ere hartzen dituzte. 

Pandemia baten erdian egonik, erraza da negozioa irekitzeko erabakia hartzea?

Joseba Vera: Erraza ez da. Baina egia da Josuk eta biok denbora asko generamala honi bueltak ematen. Denbora asko eman dugu prestaketa lanetan, eta aurrera egiteko erabakia orain hartu dugu. Ilusionatuta eta motibatuta gaude. 

Josu Saetero: Nik uste dut oso argi genuela proiektu hau egin gura genuela. Pandemian egonda ere, ez dugu atzera egin. Helburua hau sortzea zen eta, oso motibatuta geunden. Ezin genuen ezetzik esan. Gure helburuak betetzeko apustua egin dugu.

Aspalditik zenuten zentro hau zabaltzeko ideia?

J.S.: Ideia beti izan dugu hor. Orain arte egondako lanpostuetan ikusi dugu gure esperientziak beste era batera garatu genitzakeela, eta esperientzia horiek jendearekin partekatu genitzakeela. Horri buruz berba egiten hasi ginen. Gero, konfinamendua iritsi zenean behin-betiko erabakia hartu genuen. Ez genekien zer etorriko zen, baina aurrera egitea erabaki genuen bai ala bai.

J.V.: Egoera honek ekarriko zituen ezbeharrak aurreikusten aritu gara. Gure buruak horri erantzuna emateko prestatu ditugu. Datorrena datorrela aurrera egiteko prestatu gara.

Urtarrilaren 4an zabaldu zenituzten ateak. Zelan doaz lehenengo egunak?

J.V.: Jendearen erantzunagaz pozik gaude. Zortekoak gara. Jendea hasieratik hurbildu da guregana eta lanean ari gara dagoeneko. Gure motibazioak eta gogoak eguneroko lanean transmititzen hasi gara. Lanerako gogoz gaude. 

J.S.: Helburua urtarrilean zabaltzea zen, eta lortu dugu. Lokal aproposa lortu dugu, gustatu zaigu zelan gelditu den. Pazienteen erantzuna ere hasieratik sumatu dugu. Oso pozik gaude. Iruditzen zaigu lanaz gozatuko dugula eta pazienteei modu berean lagunduko diegula.

Zein eskaintza duzue? Zer topatuko du hona datorrenak?

J.V.: Psikologiaren barruan ikuspuntu eta adar asko dago. Guk lantzen duguna kognizio eta jokabide psikologia da. Hau da: pertsona bakoitzaren aspektu biologikoak, psikologikoak eta sozialak hartzen ditugu kontuan. Norberak bere ibilbidean zehar izandako gertaerek egunerokotasunean zelan eragiten duten ikusten dugu. Ume, gazte zein nagusiekin egiten dugu lan. 6 urtetik aurrerako herritarrekin. Batetik, eskuhartze indibidualak ditugu. Bestalde, errendimendu akademiko baxua duten gazteekin taldekako saioak ere egiten ditugu, entrenamendu espezifikoak, nolabait.

J.S.: Azken finean, zailtasunak dituzten herritarrei baliabideak ematen dizkiegu euren bizitzako momentu zailei aurre egitek, bai emozionalki edo baita jokabide instrumentalei begira. 

Psikologoarenera joatea 'estigma' modura bizi ote dugu?

J.V.: Nik uste dute pentsamendu hori gero eta gutxiago dagoela. Mina duzunean medikuarenera zoazen bezala, egoera bati nola aurre egin ezinda zabiltzanean, psikologoarenera joaten zara, bertan landuko dituzulako aurrera egin ahal izateko baliabideak. Nik uste dut estigma hori gutxitzen ari dela baina oraindik badira besteek zer esango ote duten beldur hori dutenak.

J.S.: Estigmak hor jarraitzen duen arren, aldaketak ematen ari direlakoan nago. Jendea kontzienteago dago emozioak eta pentsamenduak zaintze horretan. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!