Durangoko hirigintza proiektuetan ikuspegi feminista txertatzeko galdetegia aurkeztu du udalak

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 10a, 09:50

Etorkizuneko hirigintza proiektuetan genero ikuspegia zelan txertau daitekeen ezagutzeko prozesua martxan dauka Durangoko Udalak. Irailetik hona, hirigintza egoeraren diagnosia egiten aritu da emakume-taldeekin eta adinekoekin. Aurrerantzean, planari hobekuntzak egin ahal izateko tartea zabalduko du herritarrekin.

Irailean hasitako bideari berrekin dio Durangoko Udalak. Ordutik hona emakume taldeekin eta adinekoekin batzen aritu bada, orain, galdetegi bat ipini du herritarren eskura, etorkizuneko hirigintza proiektuetan genero ikuspegia zelan txertau daitekeen ezagutzeko. Prozesu honek guztiak HAPOan izango du eragina, hau da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorren. "Helburua eguneroko bizitzako beharrak eta lan erreproduktiboak Durangoko etorkizuneko hirigintza estrategietan txertatzea" dela azaldu dute udal iturriek. 

Diagnosiak hainbat helduleku utzi dituela azaldu du udalak. Euretako batzuk honakoak dira: etxebizitza familia bakarreko eredua birplanteatzea, zenbait auzoren eta herriko erdigunearen arteko lotura hobetzea, erdigunetik iparralderako dauden auzoetatik haragoko erabileren nahasketa sustatzea eta kaleen irisgarritasuna hobetzea, besteak beste. 

“Hiri-ingurune feministak sustatzeko, kontuan izan behar da hiriak erabiltzeko eta bizitzeko moduak askotarikoak direla, eta, ondorioz, ezinbestekoa da herritarren ezagutza eta esperientzia balioan jartzea hirigintza-plangintza egiterakoan", adierazi dute Garazi Errasti eta Neskutz Rodriguez zinegotziek. "Garrantzia berezia hartzen du emakumeen paperak. Izan ere, historikoki hirigintza-prozesuetatik kanpo egon dira, baina tradizionalki egokitu zaien zaintzaile rola dela eta, hurbiletik ezagutzen dituzte haurren, adinekoen, mendeko pertsonen eta abarren beharrak”, gaineratu dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!