Hirigintzari ikuspegi feminista bat emateko parte-hartze prozesua ipini dute martxan

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 17a, 12:22

Durangoko Udalak parte-hartze prozesu bat zabaldu du etorkizunean etor daitezkeen hirigintza proiektuek berdintasun ikuspegi bat jasotzen dutela ziurtatzeko.

Hirigintza eta genero ikuspegia eskutik lotuta joatea gura du Durangoko Udalak. Horretarako galdetegi bat ipini dute web orrian. Herritarrek bertan ageri diren galderak erantzun ahalko dituzte, gero, horiek, isla izan dezaten etorkizuneko hirigintza proiektuetan. Udalaren helburua da etorkizuneko plan urbanistikoetan berdintasun ikuspegia kontuan hartzea, eta prozesu honetatik irteten diren irizpideak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO lez ezaguna dena) txertatzea. Horretarako elkarrekin koordinatuta ari dira lanean udaleko Berdintasun Saila eta Bulego Teknikoa.

“Hiri-ingurune feministak sustatzeko, kontuan izan behar da hiriak erabiltzeko eta bizitzeko moduak askotarikoak direla, eta, ondorioz, ezinbestekoa da herritarren ezagutza eta esperientzia balioan jartzea hirigintza-plangintza egiterakoan. Zentzu horretan, garrantzi berezia hartzen du emakumeen paperak. Izan  ere, historikoki hirigintza-prozesuetatik kanpo egon dira, baina tradizionalki egokitu zaien zaintzaile rola dela eta, hurbiletik ezagutzen dituzte haurren, adinekoen, mendeko pertsonen eta abarren beharrak”, adierazi dute udal ordezkariek.

Galdetegiaren ostean, hainbat tailer landuko direla aurreratu du Durangoko Udalak. Bertan proposamenak jaso eta diagnostikoa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!