Zibersegurtasunean sakontzeko emandako pausoak eta bizitako esperientziak partekatu ditu Maristak Ikastetxeak

Joseba Derteano 2020ko aza. 20a, 12:19

Gaur goizeko jardunaldiko irudia, Maristak Ikastetxean.

Digitalizazioak askotariko onurak ekarri ditu, baina baita arriskuak ere. Sareko datuen babesa da euretako bat. Ikastetxeetan zibersegurtasunean sakontzeko proiektu baten parte da Maristak Ikastetxea eta hango irakasle eta ikasleek arlo horretan sakonduz emandako pausoak eta bizitako esperientziak partekatu dituzte gaur, online bidez eskaini den jardunaldi ireki batean.

CyVETsecurity deitzen da zibersegurtasunean sakontzeko proiektua. Europako hainbat herrialdetako (Finlandia, Estonia, Eskozia, Euskadi…) Lanbideko Heziketako ikastetxeek elkarlanean dihardute arrisku digitalak identifikatzen, ezagutzan sakontzen eta eurei aurre egiteko materiala eta metodologia lantzen. Euskal Autonomia Erkidegoan HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea da proiektuko gidaria, eta elkarte horren barruko hainbat ikastetxe ari dira egitasmoan parte hartzen, tartean, Durangoko Maristak Ikastetxea.

Horrela, gaurko jardunaldian, CyVETsecurity proiektuagaz izandako esperientziak kontatu ditu Patricia Fernandez Maristak ikastetxeko irakasleak. Ikasleek ere hartu dute hitza, euren ikuspuntua emateko eta zibersegurtasunean sakontzearen beharra azpimarratzeko. “Proiektua oso baliagarria zaigu eta datuak modu seguruagoan gordetzeko ezagutzak jaso ditugu. Gaur eguneko gizartean beharrezkoa da, inoiz baino gehiago gabiltzalako mugikorrekin eta bestelako gailuekin eta interneten beti mehatxupean gaudelako”, azaldu du ikasle batek.

Aurrerantzean CyVETsecurity proiektuan sakontzen jarraituko dutela azaldu dute ikastetxeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!