“Ondo eginda badaude, zaila da interneteko iruzurrez konturatzea, baita profesionalentzat ere”

Joseba Derteano 2020ko mai. 2a, 10:00

Iratxe Lejarreta eta Ricardo Ferreria (Artxiboko irudia)

Konfinamendua ezarri zenetik, Interneteko kontsumoa asko hazi da eta hackerrak desiratzen daude itsaso zabal eta nahasi horretan arrantzatzeko. Sarea baino gehiago, gurago dute euren gustuetara egokitutako amua erabili, horrela errazagoa delako iruzurra gauzatzea. Maristak Ikastetxeko Iratxe Lejarreta eta Ricardo Ferreria irakasleak adituak dira zibersegurtasunean eta seguru nabigatzeko aholkuak eman dituzte.

Hackerrei itsasotik ozeanora pasatzeko aukera zabaldu zaie etxean konfinatuta gaudenetik?
Ricardo Ferreria: Hackerrak beti daude adi. Itsasoa lehengo bera dela esango nuke, baina orain arrain gehiago dituela. Ohiko teknika eta estrategiak gaur egungo egoerara egokitu dituzte; esaterako, osasun arloko gaietara. Adibidez, Txekiar Errepublikan ospitale bateko sarea itxi egin behar izan zuten zibereraso bategaitik. Interneten osasun arloko produktuak saltzen dituzten gune faltsuak ere ugaritu egin dira. Zentratu diren beste arlo bat aisialdiarena da: bideojokoak, ikus-entzunezko edukia duten plataformak... Adibidez, helbide elektronikoetara heldutako mezuen bitartez. Netflixeko doako kontu bat eskaini eta jendeak klikatu egiten du.

Hackerrek bakarrik ala taldean lan egiten dute?
R.F.: Antolatutako taldeak izaten dira, informatikako hainbat sektoretan adituak eta esperientziadunak.

Kontsumitzaileen aldetik zibererasoei aurre egiteko heziketa falta da?
Iratxe Lejarreta: Orain arte jende askok ez zuen gustuko erosketak sarean egitea, baina orain, beharrizanagaitik, horretan hasi da. Eta askok galduta ikusten dute euren burua. Ez dute teknologia berrien funtzionamendua ondo ulertzen edo ez dakite erreminta bat edo bestea zelan erabili.

Telelanagaz, internet bidezko batzarrak asko ugaritu dira. Norbanakoek ere erabiltzen dituzte senideekin edo lagunekin egoteko. Zer arrisku ditu teknologia horrek?
R.F.: Formatu horretan muturra sartzea ez da erraza. Normalean, kontrolatuta dute sarbidea. Baina ez da ahaztu behar, azken finean, pertsonek egindako programak direla eta euren sisteman akatsak izan ditzaketela. Esaterako, Zoom plataformagaz gertatu dena: oso ezaguna da, eta, berez, oso ondo funtzionatzen du, baina hackerrek ahulgune bat aurkitu zioten eta, saioetara sartzea lortu zuten, baimenik barik.
I.L.: Enpresako batzarretan, esaterako, informazioa eskuratu dezakete eta hori euren mesederako erabili.
R.F.: Edo batzarreko txat-ean esteka  faltsuak ipini ditzakete, bertan klikatzera gonbidatuz.
I.L.: Bideokonferentzietan jendeak uste du inguru segurua dela, konfiantzazkoa, eta esteka lankideren batek bidaliko zuela. Horrela errazagoa da klikatzea. 

Zer puntutaraino ezagutzen gaituzte hackerrek?
R.F.: Gure arrasto digitala ikertzen dute, askotariko erremintak erabilita. Gizarte-ingeniaritza garrantzi handiko arloa da gaur egun.
I.L.: Sare sozialak, besteak beste,  informazio iturri baliotsuak dira eta biktimen profilak egiten dituzte. Ikertzen dute nor zaren, nora bidaiatu duzun, zer afizio dituzun... Horrela, erabiltzaile bakoitzaren neurrira egindako mezuak bidali daitezke. Mezuak konfiantza eragiten badu, errazagoa da amua irenstea. Esaterako, lan bila dabilen norbaiti Linkedineko mezu bat heltzen bazaio, bertan klikatzea da normalena. Egia esanda, ondo eginda badaude, zaila da iruzurraz konturatzea, baita profesionalentzat ere. 

Klik bat egitea nahikoa da iruzurrean sartzeko? Ala informazio gehiago behar dute?
R.F.: Normalean, klik bat baino gehiago behar dute: artxiboren bat deskargatzea, zerbait exekutatzea... Iruzur kasuen %99an jendeak berak sartzen ditu datuak. Beste kontu bat da hackerrek zuk erabiltzen duzun plataforma bera hackeatzen badute. Kasu horretan ezin daiteke ezer egin.
I.L.: Gomendio orokor modura, kontuetako gakoak noizerik noizera aldatzea komeni da eta gakoak ez daitezela izan sinpleak: tartekatu letra larriak eta zenbakiak ere.

Iratxe, zu ikerketa bat egiten zabiltza. Azalduguzu zertan datzan.
I.L.: Tesi bat egiten nabil heziketara bideratutako teknologien inguruan. Errekurtso digitaletan ahalegin handia egiten dugu irakasleen zein ikasleen jarduna errazteko. Beraz, gure esparruan, egunero erabiltzen ditugun teknologiek erabiltzaileengan duten inpaktua neurtzea da helburua. Koronabirusaren ondorioz, guk ezarritako azpiegitura teknologikoa orain ari da fruituak ematen. Ondo funtzionatzen ari dela uste dugu, baina ez dugu sentsazioekin bakarrik geratu gura, datuekin baieztatu gura dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!