Durangoko EAJk Iker Urkiza alkateordearen dimisioa eskatuko du, honek kirol tarifen gaineko “zuzenketa” egin ezean

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 13a, 13:26

Gobernu taldeak EAJren gaineko akusazio faltsuak egin dituela esan dute jeltzaleek. Urkizari eskatu diote kirol zerbitzuen prezioak igotzeko proposamena egin zuela onartzeko.

Durangoko kirol zerbitzuen prezioen gaineko ika-mika soka luzea ekartzen ari da. Durangoko EAJk gaur egindako prentsaurrekoan esan duenez, “gezurretan” dabil gobernu taldea, eta, Iker Urkiza alkateordea seinalatu du. Izan ere, duela egun batzuk, gobernu taldeak prezioak igotzeko proposamena egin zuela azaldu zuen EAJk ohar batean, eta hori gezurtatzeko beste ohar bat kaleratu zuen gobernu taldeak, handik gutxira.

Kontua ulertzeko kirol zerbitzuak arautzeko bilkurara jo behar da. Azaroaren 6an, udal ordezkariek, 2021erako prezioak arautzeko bilera egin zuten Durango Kirolak entitateko ordezkariekin. Talde jeltzalearen esanetan, bertan parte hartu zuen Urkizak, eta berak proposatu ei zuen prezioen igoera. 

Bilera hura grabatu egin zuten, jeltzaleen esanetan, eta grabaketa haren kopia bat eskatu dio EAJk gobernu taldeari. Baita bileraren akta ere. Baina jeltzaleen esanetan, ez diete eman. Horren aurrean, grabaketa entzuteko aukera izan dute. Bertan entzundakoen arabera, Urkizak kirol zerbitzuen prezioak igotzeko asmoak iragarri zituela esan du EAJk. 

“[Grabaketak] zalantza izpirik gabe uzten du gobernu taldeak %5 eta %15 artean igotzeko proposamena egin zuela” dio EAJk. “Hala ere, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, proposamena egin zutela onartu beharrean, edo proposamen hori egokia ez zela adierazi ordez, eta oraindik berrikusi daitekeela onartu beharrean, gogor eta oldarkortasunez egin dute talde jeltzalearen aurka, EAJri Durango Kirolaken ustezko prezioen igoerari buruz gezurra esatea leporatuta”. 

Gertatutakoa eta EAJri egindako akusazioak zuzendu ezean, Urkizaren dimisioa eskatuko dutela aurreratu dute jeltzaleek. Bestalde, iragarri dute  grabaketa datorren osoko bilkuran entzungai egon dadin eskatuko dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!