Taberna berria zabaldu duzue,... noiz eta testuinguru ezin nahasiagoan.
Bai. Gutxi gorabehera iazko urtarrilean hasi ginen hau guztia martxan ipintzen eta ez genuen beste biderik. Aurrera egin beharra genuen. Negozioa martxan ipini beharra zegoen bai ala bai. Espero dugu egoera hau ahal bezain laster pasatzea. Izan ere, egoera txar hau ez da ostalariona bakarrik. Okela-hornitzaileagaz berba egin dugu. ERTEan ditu langileak. Eta egoera berean daude edari-hornitzaileak. Egoera zaila da.
Lokalaren jabeak onurarik edo erraztasunik eman dizue?
Bai. Konfiantza handia dugu elkarrekin eta malgutasuna eskaini digu ordainketak egiteko.
Zer nolakoak izaten ari dira lehenengo egunak?
Hasiera gogorra izaten ari da. Lehendabiziko bi egunetan normal antzean egin genuen lan. Barikuan itxialdia etorri zen. Orain gure burua berrasmatzen ari gara, ideiei forma ematen, ahal dela, abenduari begira. Ez dakit egoera hobea izango dugun abendu aldean, poteorik egongo ote den. Baina Gabonetako datak direla eta, bazkariak eta afariak eskaintzea espero dugu. Bitartean, lagunek eta ezagunek laguntzen gaituzte, hanburgesa bat eskatuta, errazio batzuk eskatuta. Soka lepoan dugu; ea egoera hau ahal bezain laster pasatzen den. Dena dela, nik dudan sentipena da honako egoera hau hirugarren itxialdi baten inkubazio prozesua dela. Gauzak urte bukareran zertxobait lasaituko direlakoan nago, gero, urte berriagaz itxialdi berri bat hasteko. Ziurgabetasuna da nagusi.
Etxerako jateko zerbitzua behintzat, ematen duzue.
Bai. Esate baterako, obretako beharginak etorri izan zaizkigu eguneko menuaren bila. Aurrekoan hainbat etorri ziren. Eguraldi ona den kasuetan kanpoan jan ditzakete menuok. Baina eguraldi txarragaz, non jango dute? Gainontzean, hanburgesak, tripakiak, karrillerak, patata minak, eskaintzen ditugu etxera eramateko. Asmoa betiko sukaldaritzaren eta berriaren arteko oreka bilatzea da. Harrera ona izan dugu momentuz. Jendeari gustatu zaio proposamena, eta gugana hurbildu da.
Garai bateko Txantonesa, Txanto da orain. Herrian oso errotuta dagoen taberna da.
Aldaketa erabatekoa da. Taberna berria da, goitik behera. Espero dugu udaberri inguru horretan martxa onean hastea. Dena iristeke dagoela iruditzen zait. Jantokian ipini gura dugu indarra. Kafe orduetan eta poteo orduan ere bai.