Alfredo Sanz Bartolome Ertzillako zuzendariak Hamabostaldiaren edizio berria egiteko ahalegina azpimarratu gura izan du: "Hainbeste neurrirekin ez da erraza izan hiru kontzertu eta talde hauetara egokitu ahal ziren espazioak topatzea. Baina ikusita beste eragile kultural batzuek ere egin dutela, guk ere aurrera egitea erabaki genuen, gure ekarpena egiteko". Lehenengo hitzordua, ekainean kontzertua eskaintzekoa ziren Reunion Big Band jazz taldearena izango da zapatuan. Musikeneko ikasleek osatzen dute jazz talde hau, eta tartean Irati Bilbao abeslari durangarra dago. "Jazz taldea gara, baina estilo desberdinak ukitzen ditugu, swing klasikotik hasi, eta latinoa bezalako doinu modernoagoetara hurbiltzen gara", azaldu du abeslari durangarrak. Bilbaok bakarkako diskoa kaleratu du berriki.
Sarrerak Musika Eskolan eta Durangoko Arte eta Historia museoan erreserbatu daitezke, doan.
Eskaintza eklektikoa
Sanzek Durangoko Musika Hamabostaldiaren aniztasuna nabarmendu du, baita ere: "Aurten ere eskaintza anitza eta kalitatezkoa egingo dugu; aurten gainera, inguruko jendearekin lan egin gura izan dugu, baina ukitu eklektiko horri eutsita". Donostiako orfeoi gaztearena eta Oiasso cameratarena izango dira zikloa osatuko duten beste bi emanaldiak; bigarren honetan Marina Beheretche violinistak ere joko du, gonbidatu lez.