“Ibilbide propioa lantzea eta beste musikari batzuekin aritzea uztartu gura dut”

Aritz Maldonado 2020ko ira. 26a, 10:25
Argazkia: Gorka Iraundegi

Lau urteko fasea diskoa kaleratuta borobildu du Irati Bilbao durangarrak. Urtebeteko epean disko bitan parte hartu du, eta kontzertu batzuk eskaini ahal izan ditu, pandemia betean egonda ere. 'Begin' diskoa, Saltsanen eta Artekan erosi daiteke, eta laster plataforma digitaletan egongo da entzungai.

Zeren hasiera da 'Begin'?
Musikenen emandako lau urte hauek oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Aldaketa bat izan da, eta hauxe da emaitza. 2020rako nituen ilusioetatik, eutsi dion bakarra izan da diskoarena. Ez da kontzertu eta festibalik egin, ikasturte amaierako errezitala ere bertan behera geratu zitzaidan... Diskoaren grabaketan parte hartu duten musikariekin lau urtean egon naiz Musikenen, eta martxotik ez ditut gehiago ikusi. Buelta asko eman nizkion buruari Begin izena ipintzea erabaki aurretik. Gustatuko litzaidake hurbileko etorkizun batean proiektuagaz jarraitu ahal izatea, koronabirusak dena baldintzatu du eta. Amaiera bat izan da, baina neurri batean hasiera bat ere bada, beste sasoi batzuk etorriko direlako. Baikorragoa naiz orain.

Zer gura izan duzu transmititu diskoan?
Denerik dago. Orain artean ez naiz konposatzera larregi ausartu, baina azken urte bietan animatu naiz. Abesti batzuk zirriborro zaharrak ziren, eta azken urteetan ikasi dudanari eskerrak, nik gura nuen bidetik eraman ahal izan ditut. Taldekideok elkarregaz asko jo dugu lau urteotan, eta abestiak asko hazi dira.

Asko kostatu zaizu bakarkako abesti horiek publikatzea?
Bai, asko kostatu zait. Txikitan flauta jotzen nuen, bandagaz, eta oso gustura aritzen nintzen, baina bakarrik aritzea ez nuen hain gustuko. Abesten hasi nintzenean, hori ere asko kostatu zitzaidan, protagonista izatea. Azken finean, hor aurrean dagoena da abeslaria. Oholtzagaz maitasun eta gorroto hartu-eman bat dut; oso ondo pasatzen dut taula gainean, baina badut lotsa puntu bat ere.

Gazteleupeko Hotsak diskoetxearen Errabal adarragaz kaleratu duzu diskoa.
Oso pozik nago, eta harro. Aurretik ezagutzen nituen, Durangoko Azokan urtero joaten naiz euren mahaira eta. Euskal Herriko jazz erreferentzietariko asko eurek ateratzen dituzte. Nire irakasle batek ere eurekin kaleratu du bere lana, eta nire diskoa berearen alboan edukitzea ohore bat da. Zigilu txikia da, baina espezializatua, eta hori pozgarria da.

Zein gustatuko litzaizuke izatea 'Begin'-en ibilbidea?
Zerbait grabatutakoan, musikari guztiok lan hori zuzenean erakutsi gura izaten dugula esango nuke, are gehiago jazz munduan gabiltzanok. Gure kasuan, oso garrantzisua da inprobisazioa, ez soloengaitik bakarrik, baizik eta musikarion artean sortzen denagaitik. Baina azpimarratu gura nuke ikaragarri gustatzen zaidala beste jende bategaz abestea eta musika sortzea; hori uztartzea gustatuko litzaidake, nire bidea egin bitartean beste jende bategaz ere konpartitzea nire bizipenak.

Udan eskaini duzu kontzerturen bat.
Plateruenean Ekururen diskoa aurkeztu genuen. Arraroa izan zen, hiru hilabetean entseatu barik egon eta gero han aritzea. Bilboko Guggenheimeko terrazan beste kontzertu bat eskaini genuen, eta hori itzela izan zen; jazz kontzertu sorta bat izan zen. Oholtza gainera berriro igo nintzenean ikusi nuen benetan zenbat igarri nuen zuzenekoen falta. Hirugarren kontzertu bat ere eskaini nuen gero. Orain arteko azkena.

Ekurugaz ere kaleratu duzu diskoa.
Diskoaren aurkezpena bertan behera geratu zen, itxialdi betean geunden eta. Uste genuen ez genuela emango, baina azkenean aukera sortu zitzaigun Uda Kulturaz Blai zikloan. Segurtasun neurriengaitik-eta, ez da betiko sentsazio berdina, baina ondo egon zen.

Hainbat proiektutan parte hartzen duzu. Non moldatzen zara ondoen?
Beti daude erosoago nagoen gauzak, baina erronka berriak edukitzea da politena nire ustez. Nik idatzitakoa abestea oso ondo dago, baina beste estilo batera moldatu behar naizenean ere asko disfrutatzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!