Ostalariek zelan bizi dituzue azken egunetako neurri aldaketak?
Ardura apur bategaz. Joan zen astean eta aste honetan kontraesan asko izan ditugu. Joan zen barikuan esan ziguten 00:00etan zarratu genezakeela. Gero, zona gorrian geundenez, 21:00etan. Mundu guztia arineketan ordutegia zein izan behar zen argitzen... Estuasun handia izan genuen. Bestalde, Durango zona gorrian zegoenean, neurri batzuk hartu genituen, 21:00etarako zarratu behar genuelako. Eta orain beste neurri batzuk pentsatu behar ditugu.
Zelan eragiten dizue ordutegi berriak?
Jangela lehenago itxi behar dugu. %50eko aforoagaz zabaldu dezakegu eta lehenago itxi behar dugu. Horixe da egoera.
Fokua ostalaritzan ipintzen dela uste duzue?
Bai. Katalunian ikusi da ostalaritza itxita dagoela eta positiboen kopurua gorantza doala. Pertsona batek esan zidan lez, kalean dagoen jendea kontrolatzea errazagoa da. Etxeetan jaiak egiten badira, hori zaintzea zailagoa da.
Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Oso gatxa da galdera horri erantzutea. Neurri hauekin ikusiko dugu asteburuetan zelan lan egiten dugun. Edozelan ere, ostalaritza zigortzen dabiltza, egoeraren erru guztia geurea balitz lez. Eta, gainera, guardia lanak egiten gabiltza: "Maskara ipini, jesarri...".
Beste ostalariekin berba egiten duzuenean, zein sentsazio duzue?
Zer gertatuko da? Horixe galdetzen diogu geure buruari. Gabiltzan moduan, ezin ditugu langile guztiak mantendu. ERTEra pasatu ala ez, ezjakintasun handia dugu sektore osoan.
Zer esaten dizuete bezeroek?
Ordutegi aldaketekin ez da erraza. Jendea ez dago ohituta 19:30ean afaltzera. Bezeroa 20:45ean altxatu behar bada mahaitik, ezin diot 20:30ean eman afaria, ogitartekoa ahotik irtengo litzaioke eta. Konplikatua da. Neurri berriekin ordu bi gehiago ditugu, baina ikusiko dugu.