Euskal Autonomia Erkidegoko herri denak itxi dituzte

Anboto 2020ko urr. 26a, 18:22
Gotzone Sagardui osasun sailburua. (Argazkia: www.irekia.euskadi.eus)

Pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugetatik irtetea mugatu dute. Mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimenduko da, jarduera soziekonomikoak egiteko. "Dekretua gaur bertan publiko egitea espero dugu eta horrela bada, bihar, 06:00etan, sartuko da indarrean", azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Joan zen domekan Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarrita, autonomoa erkidegoen esku geratu zen Covid-aren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileagoak jartzea, epaitegien baimenen zain egon beharrik gabe. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak neurri horiek zehaztu berri ditu prentsaurrekoan, Euskadiko Babes Zibileko Planeko (LABI) aholku-batzordearen bilera amaitu bezain laster. 

Sartu-irtenetarako mugapena bi arlotakoa da. Batetik, Euskal Autonomia Erkidego mailakoa da eta, bestetik, erkidegoko herri bakoitzekoa.

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean sartzea edo irtetzea mugatu dute, ez bada 926/2020 errege-dekretuko 6.1 artikuluan zehaztutako arrazoiren batengatik. Osagarri moduan, pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugetatik irtetzea edo beste udalarrietan sartzea mugatu dute. Kasu honetan ere, aurreko puntuan aurreikusitako salbuespenak jasotzen dira. Horrekin batera, ohiko igarobideko udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduta dago, jarduera sozioekonomikoengatik bada.

Beste neurri bat da, pertsona taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egoteko muga ezarri dutela: gehienez, 6 pertsona. Familiako kideak izatea da salbuespen bat. Zabalik dauden bulegoetara, instalazioetara eta establezimenduetara joateko salbuespenak ere mantentzen dira. Hau da, salbuespenen barruan sartzen dira ostalaritza eta hezkuntza arloa, orain arte ezarritako segurtasun neurriekin eta protokoloekin.

Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara

Azkenik, gauez zirkulatzeko askatasuna 23:00etatik 06:00etara mugatu dute, alarma egoerak dirauen bitartean. Urriaren 25eko 926/2020 errege-dekretuko 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu ahalko da. Horien artean daude honako hauek: osasuna, lan arloa, heziketa eta menpekotasuna duten pertsonen zaintza.

Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo dute, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!