Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du, sei hilabetez luzatzeko asmoagaz

Anboto 2020ko urr. 25a, 14:08
Argazkia: Espainiako Gobernua

Alarma egoera ezartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Hasieran hamabost egunerako izango den arren, helburua sei hilabetez luzatzea dela jakitera eman dute gobernutik.

Barikuan hainbat autonomia erkidegotako buruek Pedro Sanchezi Espainiar Estatuan alarma egoera ezartzeko eskatu zioten, tartean Iñigo Urkullu lehendakariak. Eskari horiek kontutan hartuta Sanchezek Ministroen Kontseilua deitu zuen.

Gaur egin duten Ministroen Kontseilu bereziak alarma egoera ezartzea onartu du. Hasiera batean hamabost egunerako onartu duten alarma egoera sei hilabetez luzatzeko asmoa dute. Luzapen hori Kongresuak onartu beharko du.

Bestalde, gobernuak martxoko erabateko konfinamendura itzultzeko asmorik ez duela azaldu du, baina gaueko konfinamendu bat beharrezkoa ikusten dutela azaldu dute. Horiek horrela,  gaur onartutako dekretuak gaueko konfinamendua 23:00etatik 6:00etara jasotzen duela jakinarazi du presidenteak. Hala ere, autonomia erkidegoek ordutegi hori ordubete atzeratu edo aurreratzeko aukera izango dute.

Horrez gain, larrialdi egoera honekin autonomia erkidegoek aukera izango dute neurri murriztaileagoak ezartzeko, epaitegiei baimena eskatu gabe. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!