PCR probak egingo dizkiete 13 eta 40 urte arteko durangarrei

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 19a, 16:48

Datozen egunetan baheketa selektiboa egingo dute Durangon. Oraindik zehaztu gabe dago noiz eta non egingo diren testak. Durangoko Udalak Landako Gunea eskaini dio Osakidetzari test masiboak egin ahal izateko. 

Euskal Herriko beste herri batzuetan egin bezala, datozen egunetan baheketa selektibo bat egingo dute Durangon. Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak jakitera eman duenez, 13 eta 40 urte arteko herritarrei egingo diete proba. Garitanok esan duenez, azken 14 egunetan detektatutako kasu gehienak adin tarte horretakoak dira, horregatik adin tarte horretako durangarrei baheketa selektibora joateko deia egin die. Bestalde, adin tarte horretakoak ez diren herritarrak proba egitera joanez gero, beraiei ere testak egingo zaizkiela esan du.

Udalaren eskaintza

Durangoko Udalak Landako Gunea eskaini dio Osakidetzari probak egin ahal izateko. "Durangarren osasunaz arduratzen eta kezkatzen gara. Egia da ez ditugula beste herri batzuetako indize berberak, baina prebentzio lan orok horrelako egoera batetik ateratzen lagun diezagukeela uste dugu", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak. Bestalde, Durangoko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, "Osakidetzak hala gomendatzen badu, udalak bertan behera utziko lituzke datozen egunetarako aurreikusitako jarduerak".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!