Durango, Abadiño eta Elorrio pandemiaren eremu gorrian daude

Anboto 2020ko urr. 19a, 12:38

Osasun sailak asteburuko datuak jakitera eman ditu eta horien arabera eremu gorrira igaro dira Abadiño eta Elorrio. Beraz, momentu honetan Durangaldeko hiru herri daude eremu gorrian. Asteburuan guztira 125 positibo detektatu dituzte eskualdean. 

Osasun sailak 125 kutsatu detektatu ditu asteburuan Durangaldean. Horietatik 56 Durangon, 21 Zornotzan, 13 Abadiñon, 10 Elorrion, zortzina Zaldibarren eta Berrizen, 5 Mallabian, 3 Atxondon eta 1 Iurretan. 

Eremu gorri, laranja eta horiak

Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik beherako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

Uneotan hiru dira eremu gorria deiturikoan dauden Durangaldeko udalerriak: Durango, Abadiño eta Elorrio. Durangon 642 biztanleko kutsatze tasa dago uneotan. Abadiñon, 597koa da, eta, Elorrion, 537koa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!