"Alokairuko etxebizitza baten batez besteko prezioa 700 eurokoa da Durangon. Ia merkeagoa da erostea, baina zein gaztek erosi dezake?"

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 16a, 09:15

Durangoko Zabalduko Ditugu gazte taldeak etxebizitzari lotutako arazoak gizarteratzen jarraitzeko asmoa du. Jardunaldi batzuk antolatuko ditu aurrerantzean, fokua etxebizitzaren arloan existitzen diren askotariko alternatibetan ipinita. "Hainbat esperientzia batuko dituen jardunaldia antolatzeko asmoa daukagu, etxebizitza bat izateaz gainera gizartea zelan antolatzen den eta aurkitu daitezkeen eredu berritzaileen inguruan hausnartu ahal izateko", aurreratu dute dinamikako gazteek.

Orain dela urte bi alokairu soziala bultzatzeko dinamikak hasi zituzten. "Aho batez onartutako adierazpena aurkeztu genuen udaletxean. Hori dela-eta, alokairu sozialera bideratutako hainbat etxebizitza daude gaur egun Durangon", gogoratu dute gazteek. Aurrerantzean ere bide horretan jarraituko dute.

Izan ere, gazteriak panorama zaila du emantzipatzeko. "Alokairuko etxebizitza baten batez besteko prezioa 700 eurokoa da Durangon. Ia merkeagoa da erostea, baina zein gaztek erosi dezake? Gainera, ez dira asko alokatzen diren etxebizitzak, eta horrek oraindino gehiago zailtzen du. Egoera larria da, batez besteko adina geroago eta altuagoa delako. Gaur egun 30 urte da batez besteko adina emantzipatzeko", adierazi du Zabalduko Dituguk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!