Airearen kalitatea

Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea "ona" dela berretsi, eta Tecnaliaren txostena "mugatua" dela adierazi du

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 7a, 14:15

Ingurumen sailburuordetzako ordezkariekin batu dira gaur Durangoko eta Iurretako udal ordezkariak eta Amankomunazgoko presidentea. Eusko Jaurlaritzak lasaitasunerako deia egin die hiru arduradunei. Airearen kalitatea "ona" dela dio Ingurumen sailburuordetzak, eta Tecnaliaren txostena "mugatua" dela gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi die Iurretako Udalari, Durangoko Udalari eta Amankomunazgoari. Bere esanetan "ona" da Durangaldeko airearen kalitatea eta parametro guztiak "Europako zuzentarauek adierazitakoak baino txikiagoak" dira. Tecnaliaren eskuetatik Durangoko Udalera ailegatutako txostenaz ere balorazioa egin du Ingurumen sailburuordetzak. Dioenez, azterketa "mugatua" da. "Lan horren helburua ez zen Durangoko airearen kalitatea ezagutzea", esan du Jaurlaritzak, "usain-iturri potentzialak identifikatzeko azterlana" baino. 

Nagusiki bi dira Tecnaliaren txostenean ageri diren bentzeno isuri kezkagarriak. 2019ko urriaren 4ko isuria da bat (metro karratuko 100 mikrogramo bentzeno atzeman ziren egun hartan). Eta 2019ko abenduaren 2koa da bestea (metro karratuko 780 mikrogramo bentzeno detektatu ziren orduan). Bada Jaurlaritzaren esanetan, kopuru horiek Durangoko bi enpresek isurketetarako neurri zuzentzaileak indarrean sartu barik zituztela gertatu ziren.

Piko altuak, neurri zuzentzaileak aplikatu baino lehenago

Puntu hau ulertzeko 2019ko martxora jo behar da. Iazko  martxoan, Eusko Jaurlaritzak eskakizun bana egin zien Durangoko fundizio biri bentzeno isuriak murrizteko. Bentzeno arrastoak lege-mugaren azpitik zeudela, baina denboran mantentzen zirela eta Autonomia Erkidegoko beste tokietan baino altuagoak zirela ebatzi zuen Jaurlaritzak. "Enpresa horiek, oso denbora laburrean, neurri zuzentzaileak proiektatu eta ezarri" zituztela dio Jaurlaritzak. Bere esanetan, enpresa biek 2019ko abenduaren 31n instalatu zituzten neurri zuzentzaileak eta 2020ko otsail edo martxo inguruan jarri ziren funtzionamenduan, hau da, Tecnaliaren azterketan bi piko altuak detektatu eta gerora. Harrezkero, "emisioak kontrolpean izateko" berrikuspen lanetan ari dela gaineratu du Ingurumen sailburuordetzak.

Dena dela, badirudi gauza batzuk ez daudela erabat argi. 2019ko martxoan Durangoko enpresa biri egin zitzaizkien bentzeno emisioak murrizteko eskariak, baina Tecnaliaren txostenak, ez ditu emisioak Durangoko lurretan kokatzen, Iurretan baizik. Eta zehazki, saihesbidetik Bernara bitarteko industrialdeetan. Jatorria edozein izanda ere, Eusko Jaurlaritzak "neurketa zehatzak egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du". 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!