Durangoko udal ordezkariak Ingurumen Saileko ordezkariekin batu dira gaur Gasteizen. Arantza Tapia sailburuagaz batu dira -berak kudeatzen du orain Ingurumen sailburuordetza-, besteak beste, Ima Garrastatxu alkatea, Aritz Bravo Lurralde zinegotzia eta Aitor Larruzea udaleko ingurumen teknikaria.
Udal gobernu taldeak "positibotzat" jo du bilera. Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak "onartu" du "bentzeno maila altuak isurtzen direla". Aurrerantzean, emisio horiek "zehatz-mehatz" nondik datozen ikertzeko eskatu dio Jaurlaritzari. "Herritarren osasunarekin kezkatuta gaude. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari eskatu diegu euren esku dagoen guztia egin dezatela benzeno emisio horien jatorri zehatza identifikatzeko", azaldu dute udal ordezkariek. "Guk, orain arte egin dugun bezala, gure baliabide guztiak jarriko ditugu beraien eskuetan, ikerketarekin egin dugun bezala”.
Ekintza plana
Durangoko Udalak ekintza plan bat egitea proposatu dio Jaurlaritzari. Neurri zehatzak eskatu dizkio. Adibidez, neurgailu gehiago ipintzea, Durangok, oraingoz, estazio bakarra baitu (San Roken dago, Zabalarra eskolaren ondo-ondoan). "Benetan lagundu nahi badigute, ondoan izango gaituzte. Borroka alderdikoietatik harago, denok arnasten dugu aire bera, eta, beraz, denok batera lan egin beharko dugu. Bada garaia hain urrunetik datorren osasun publikoaren arazo honi irtenbidea emateko", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak.