“Guztiz beharrezkoa dugu enpresa eta erakunde guztion arteko elkarlana, kutsadura atmosferikoak mugei buruz ez du ezer ulertzen eta”

Jone Guenetxea 2020ko urr. 2a, 09:20

Tecnaliak Durangoko airearen kalitatearen inguruan kaleratu duen txostenaren ondorioak ulertzeko, testuinguru osoa ezagutzea komeni da. Aitor Larruzea (Durango, 1975) Durangoko Udaleko ingurumen teknikariak sakon azaldu ditu ondorioak.

Orain arte Durangoko airearen kalitatearen inguruan genekienetik, zein datu berri eman du Tecnaliako txostenak? Zein da txosten honek aurrera begira lanean jarraitzeko egiten duen ekarpena?
Gure herriaren kokapenak (errepidez eta autobidez inguratuta) eta eskualdean ditugun enpresen jarduerak eragina izan dute beti bertoko eskualdeko aire kalitatean. Historikoki, eta 2006. urtera arte, gure arazorik kezkagarriena partikula materialak izan dira. Horren ondorioz, Durangoko Udalak airearen kalitatea hobetzeko erantzukizuna hartu zuen, eta 2007. urtean gure udalak airearen kalitatea hobetzeko plana onartzea erabaki zuen, aho batez. Horrek eragina izan zuen, bai mugikortasun arloan, bai Durangoko enpresen kontrolean, eta material partikulen mailaren jaitsiera nabarmen jaitsi zen. Gaur egun, Durangon partikula materialen maila kontrol baten menpe dugula esan dezakegu. Durangok airearen kalitatea hobetzeko hartutako erantzukizunak honi buruz beste hainbat azterketa egitea eragin du. Datu hauek publikoak dira eta gure webgunean daude (durango.eus).

Bestalde, azken azterketa hau kiratsean zentratu da; hau da, historikoki neurtu izan diren kutsatzaileak alde batera utzita, konposatu organiko lurrunkorretan zentratu da, eta momentu puntual batzuetan bentzeno maila altuak ditugula izan da datu berri edo esanguratsuena. Ikerketa honen bitartez, argi geratzen da gai honetan guztion arteko lankidetza ezinbestekoa dela eskualdean.

Bentzeno piko altuak aipatzen ditu Tecnaliak bere txostenean. Maila altu horiek egun askotan detektatu al dira?
Sistema honegaz (urritik martxora bitartean) 32 bat abisu izan ditugu, baina, gero, herritar batzuei hatsaren ezaugarriei buruz galdetzen zitzaien. Kasu askotan, hatsak ez zuen zerikusirik bilatzen genbiltzan usain txarrekin (adibidez, paper-fabrikako hatsa edo fundiziokoa aipatzen zigutenean). Horietatik 7k izan dituzte bilatzen genbiltzan hatsaren ezaugarriak. Eta horietatik 4 gertaeratan izan ditugu bentzeno maila esanguratsuak.

Egun batzuetan bentzeno piko altuak izanda ere, urteko batezbestekoaren azpitik dago Durango. Zelan ulertu daiteke hori?
Aztertu ditugun 172 kutsatzaileetatik (konposatu organiko lurrunkorrak) bentzenoa da airearen kalitateko legedian muga maila daukan bakarra. Muga horrek urteroko batezbestekoa ezartzen du (5 mikrogramo metro kubikoko); hau da, 365 egunen eta 24 orduen batezbestekoa. Guk momentu puntualak neurtu ditugu. 15 minutuko tarte konkretu batzuk. Horrek ez du esan gura momentu guztian hats edo maila hori dugunik. Adibidez, Durangoko airearen kalitatea neurtzen duen estazioaren  (San Rokekoa) arabera, bentzenoaren batezbestekoa 0,58koa izan zen 2019an. Hala ere, momentu puntualetan pikoak ditugu, azterketaren arabera.

Durangon ez da lehenengo aldia bentzeno maila altuak detektatzen direna.
Hala da. Orain dela urte bi, Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzeko ibilgailu mugikorra ipini zuen Durangon. Eta neurketa horiek bentzeno maila esanguratsu batzuk erakutsi zituzten. Horren eraginez, Durangoko enpresa batzuetan neurriak hartu zituzten, eta badakigu inguruko enpresekin antzerako pausoak ematea aurreikusita zegoela. Esan beharra dago bentzeno mailak neurtzea ez dela ohiko gauza bat, legedian nahiko berria dela hau neurtzea, eta Europako direktibek ezartzen dute honen neurketak zenbateko ratioa izan behar duen. Hau da, Durangaldeko airearen kalitatea neurtzeko, Durangoko estazioa erabiltzen da, ez dago herri bakoitzean estazio bat. Beraz, garrantzitsua da denon artean gai hau jorratzea. Berdin gertatzen da bentzenoagaz. Estazio guztiek ez dute bentzenoa neurtzen. Legedia errespetatuz, estazio batzuetan baino ez da egiten. Eusko Jaurlaritzarena da honen eskumena.

Bentzenotik aparte, zein beste osagai detektatu dira?
Bentzenoagaz lotuta edo haregaz zerikusia izan dezaketen toluenoa eta estirenoa agertu dira. Ematen du euren artean erlazioren bat dagoela beti, eta, beraz, baliteke jatorri bera izatea.

Txostenak kutsatzaileak izan daitezkeen enpresen inbentario bat jasotzen du, eta emisioak inguru batean kokatzen ditu. Zein ingurutan hain zuzen?
Tecnaliaren txostenaren arabera, hats horregaz zerikusia duten gertakariak Durangoko ipar-mendebaldetik datoz.

Txostenaren ondorioek hauxe diote: “… ikusten dugunez, emisio iturri nagusia konbustio erretzea litzateke, eta horrek Durangon aldika eragozpenak sortu ditzake". Zer esan gura du horrek?
Prozesu industrialetan prozesu ezberdinak eta oso konplexuak daude. Disolbatzaileak erabiltzen dira, konbustio erretzeak daude,... eta, beraz, konposatu lurrunkorrak sortzen dira. Askotan, horrelako kasuak prozesu bat aldatzean edo erabiltzen den produktu bat aldatzean datoz, eta ezjakintasunagaitik gertatu daiteke hau. Durangoko enpresa batean, prozesuan erabiltzen zuten koipeztatzailea aldatu zuten, eta, ondorioz, tenperatura altuekin lan egitean hatsa eragiten zuen; hori jakitera heltzea oso konplexua izan daiteke. Beraz, orain, horixe dugu lanik zailena, prozesua eta iturria zein den ezagutzea, gero prozesuak aldatzeko edo neurriak hartu ahal izateko.

Posible da kutsadura fokua enpresa bat izatea, ala enpresa multzo bat?
Txostenak dioen moduan, jatorri desberdinetatik batutakoa izan daiteke iturria.

Zelan zehaztu daiteke emisio fokua? Beste ikerketa bat egin beharko litzateke?
Lehen esandako moduan, lehenengo pauso bat eman da eta orain beharrezkoa dugu ikerketa edo azterketa sakonago batean lan egitea. Airearen kutsadura arloa oso arlo tekniko eta konplexua da, eta teknikariak garenoi askotan kostatu egiten zaigu herritarrei modu errazean azaltzea. Ikerketak eta etengabeko ezagutza guztiz beharrezkoak ditugu. Bestalde, honetan, ezinbestekoa dugu denen arteko elkarlana, etengabeko ezagutza denon artean partekatuz eta lagunduz. Guztiz beharrezkoa dugu enpresa eta erakunde guztien arteko elkarlana, kutsadura atmosferikoak mugei buruz ez du ezer ulertzen eta.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!