Bentzeno emisioak nondik datozen ikertzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren baitan dago momentu honetan. Oraingoz, ikusteko dago ea zein bide hartuko duen auziak. Emisio pikoak nondik datozen aztertzea izan daiteke pauso bat. Eta emisio horien jatorria identifikatu eta horiek legearen bidez are eta gehiago mugatzea izan daiteke pauso handiago bat. Durangairea plataformak bigarren eszenatoki horren alde egin du. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio indarrean dagoen araudia aldatzeko eta analisi gehiago egiteko. "Eskualdeko airearen kalitatea ona eta osasunerako kaltegarriak diren substantziarik gabea dela" ziurtatu gura du Durangaireak.
Baina zer dio legeak eguratseko benzeno mailari buruz? Bada, ezer gutxi. Europar Batasunak 2004an sartu zuen indarrean eguratseko bentzeno mailen gaineko muga. Horren arabera, urte oso batean eta batez beste, ezin dira metro kubikoko 5 mikrogramo baino gehiago egon. Espainiako gobernuak 2011n aplikatu zuen Europako legea, eta indarrean sartu zuen errege-dekretu bidez. Bestalde, airearen kalitatea neurtzen duen Durangoko estazioak iazko ekainean ekin zion bentzenoa neurtzeari. San Roken kokatutako neurgailuak ez zuen bentzenorik neurtzen ordura arte. Zornotzan ere bentzeno maila neurtzen da (Zelaieta parkean kokatutakoak neurtzen du. Boroan eta Montorran kokatutakoek ez).
Oraingo kezka Tecnaliaren txostenak piztu du, baina aurretik ere egon izan dira antzera bateko kezkak. Iazko martxoan, Eusko Jaurlaritzak eskakizun bana egin zien Durangoko fundizio biri bentzeno isuriak murrizteko. Bentzeno arrastoak lege-mugaren azpitik zeudela, baina denboran mantentzen zirela ebatzi zuen Jaurlaritzak.
GAKOAK 1. Bentzenoa Petrolioaren konposatuetariko bat da. Industria kimikoan erabiltzen da, lubrikatzaileak, gomak eta zuntzak fabrikatzeko, besteak beste. Emisioak ibilgailu motordunetatik eta industria arloko konbustioetatik etorri ohi dira. Munduko Osasunaren Erakundeak hainbat minbizigaz lotzen du bentzenoa. 2. Lege herrena Haren emisioak apenas daude araututa. Ezarrita dagoen arau bakarra da urte oso batean, batez beste, 5 mikrogramo bentzeno erregistratu daitezkeela metro kubiko bakoitzeko. 3. 780 µg/m3 Tecnaliaren ikerketan identifikatutako bentzeno piko maximoa. 2019ko abenduaren 2an, metro kubikoko 780 mikrogramo bentzeno erregistratu ziren Durangoko erdigunean, Juan Mari Altuna kalean. 4. 100 µg/m3 Beste kopuru esanguratsu bat. Oraingoan, 2019ko urriaren 4an erregistratua. Kale berean jaso zuten datua, Juan Mari Altunan. Metro kubikoko 100 mikrogramo bentzeno atzeman zituzten egun hartan. 5. Iurretatik bai; ez Zornotzatik Bentzenoa mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeekin heltzen da Durangora. Zornotzan ere ipini zituzten sentsoreak, emisioak handik etorri ote zitezkeen aztertzeko. Baina Tecnaliako azterketak argi dio emisioak Iurretatik datozela, saihesbidetik Bernara bitarteko industrialdetik hain zuzen ere. |