Elisabeth Luengo Espainiako txapeldun geratu da arku tiraketan, aurretik sekula probatu gabeko modalitatean

Anboto 2020ko ira. 29a, 09:34
Elisabeth Luengo, irudiaren erdian, Avilako podiumean.

Emaitza ikusita, espezialitate honetan sakontzeko asmoa du.

Osasun krisiaren ondorioz, bertan behara geratu dira arku tiraketako txapelketa asko eta arkulariak bide berriak esploratzen hasi dira. Horixe da Elisabeth Luengoren kasua (Durango, 1992). Joan zen asteburuan modalitate berri bat probatu zuen. ‘Zelaiko txapelketa’ moduan ezagutzen da. Dianak zirkuitu batean zehar banatuta daude eta arkulariek ibilbide bat egiten dute geziak bidean aurkitzen dituzten dianetara bideratuz. Beti ez dira jaurtiketa zuzenak izaten: batzuetan gorantz apuntatu behar da, beste batzuetan beherantz edo zeharka eta, inoiz, zuhaitzen artean erdi ezkutatuta egoten dira dianak.

Avilan (Gaztela-Lehoi) lehiatutako txapelketak modalitateko onenak batu zituen eta Luengo txapeldun geratu zen.

Asteburuan lortutako puntuazioa Espainiako selekzioagaz aritzeko adinakoa da. Egoera normal batean, gutxieneko puntuazioa duten guztiek sailkapen proba batean proba hartuko zuten, eta aurrenekoa munduko txapelketara joango zen —bigarrenak ere izango zuen eskubide hori, baina gastuen zati bat ordainduta—, baina aurtengo aldia bertan behar utzi dute. Edozelan ere, modalitate hau aurkikuntza bat izan da Luengorentzat. “Maila badudala ikusi dut eta ez dut albo batera uzteko asmorik. Modalitate honetan sakontzen jarraituko dut”, adierazi du Durangoko Arkulari Taldeko kideak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!