“Txapelketan kontzentrazioa ez galtzeko, buruari gezirik gezi joateko eskatzen nion”

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 2a, 11:50

Gaztetatik dabil Elisabeth Luengo arku-tiroan. Joan zen asteburuan Gallartan jokatu zen txapelketan, Euskadiko txapeldun gelditu zen durangarra.

Euskadiko txapeldun gelditu zara asteburuan. Esperotako emaitza izan da?
Egia esan, ez. Podiumean egotea espero nuen, baina ez titulua irabaztea. Banekien aukeraren bat izan nezakeela, baina aurkarietako bat Lidia Cañete izanda, oso zail ikusten nuen irabaztea.

Nola joan zen txapelketa?
Sailkapen probetan, Lidiak lortu zituen punturik gehien, baina finaleko kanporaketan 7-3 irabazi nion. Lehenengo setean berdindu egin genuen. Hurrengoa berak irabazi zuen, eta azken hirurak neuk irabazi nituen. Txapelketa oso borrokatua izan zen, ikusleek ondo gozatzeko modukoa. Gainera, Lidiak eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta badakigu bakoitzak zelan jaurtitzen dugun, eta horrek ere jokoa estu-estu egotea ekarri zuen.

Euskadiko orain arteko txapeldunari irabazi diozu.
Eta oso polita izan da. Finalerako sailkatu nintzenean, dena emateko momentua zela esan nion neure buruari. Txapelketan kontzentrazioa ez galtzeko, buruari gezirik gezi joateko eskatzen nion, momentuko emaitza zein zen kontuan hartu barik. Eta, azkenean, tiro onak egin eta titulua eskuratu nuen.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Asteburu honetan Langreon (Asturias) jokatuko den Espainiako Txapelketan izango naiz. Hemen, disfrutatzea izango da nire helburua. Egia esan, oso zaila izango da aurrenekoen artean egotea. Espainian jende oso ona dago, askok denbora asko eskaintzen diote kirol honi, eta badakit horiengandik urruti nagoela. Hala ere, sailkapen nagusian erditik gora gelditu gura neuke, eta lehenengo langa hori pasatu.

Euskadin erreferenteak zarete Cañete eta zu, eskualdekoak biak. Nola ikusten duzu arku-tiroa eskualdean?
Egia esan, indartu behar den kirola dela uste dut. Hala ere, gaur egun 20 bat lagun gabiltza Durangon. Horietatik zazpi bat neskak gara, eta, beraz, ez gara gutxi. Hala ere, familiak probatzera animatu gura nituzke. Mundu guztiak egin dezakeen kirola da eta familia giroan egiteko oso aproposa eta polita dela iruditzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!